Elkoroiriberen esanetan, Bide Berdea 2026an egongo da erabilgarri

Anboto 2025ko ots. 5a, 13:49

Mireia Elkoroiribe alkateak hainbat adierazpen egin du udalerrirako estrategikoak diren proiektuen inguruan. 

Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek udalerriko hainbat proiekturi buruzko informazioa eman du Durango Irratiari eskainitako elkarrizketa batean. Dioenez, "Bide Berdeko obrak erritmo onean doaz aurrera". Proiektuaren lehen eta hirugarren faseak abenduan hasi zituzten, eta otsailaren bukeran ailegatuko dira amaierara. Bigarren fasea, zatirik konplexuena, uda baino lehen lizitatu gura dute, 1,1 milioi euroko aurrekontuagaz, eta uda eta gero hasiko dira lanak egiten. Bide Berde osatua 2026an zabaltzea gura du alkateak.

Merkatu Plazari dagokionez, "azpiegitura bizitza komertzial eta sozialerako topagune garrantzitsua" izatea gura du. 11 posturekin, "modernitatea eta tradizioa" batuko direla aurreratu du Elkoroiribek. Bestalde, Kirolene berriak udalerriko hezkuntza eta kirol jarduera dinamizatuko duela ere gaineratu du. Argiztapenari dagokionez, LED argiteria ipiniko dute udalerriko 300 argi-zutoinetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!