Kaliforniako unibertsitate batek Durangoko eta Zornotzako gerra zibileko irudi argitaratugabeak publikatu ditu

Ekaitz Herrera 2025ko ots. 4a, 17:42

Herritarrak, ihesean, atzean Durangaldeko mendiak daudela. (UCLA Kaliforniako Los Angeles Unibertsitatea).

Kaliforniako Los Angeles Unibertsitateak (UCLA) Espainiako gerra zibileko irudi argitaratugabeak kaleratu ditu; euretariko batzuetan Durangoko eta Zornotzako irudiak ageri dira, 1937ko maiatzekoak, faxistek udalerriok birrindu gerokoak.

Irudietan denerik ikus daiteke. Soldadu frankistak Durangoko Kurutziaga kalean, posta jasotzen, zein Sanagustinalde kalean otordua jasotzen (horiek guztiak Gernikako hainbat irudirekin tartekatuta). Zornotzari dagokionez, ('Amorebieta' eta 'Amarebieta' ageri dira datu-basean), herriko hainbat eraikin ageri da birrinduta, besteak beste, Konbenio kalekoak. Era berean, herritarren ihesaldia ere ageri da irudietan, baita fronteko hainbat egoera ere.

Irudiak William Randolph Hearst enpresagizon estatubatuarraren eskumenekoak izan ziren, Hearst konpainiaren jabetzakoak, hain zuzen ere. Enpresa horrek XIX. mende bukaeratik XX. mendeko erdialdera arteko hainbat irudi eman zizkion dohaintzan Kaliforniako Los Angeles Unibertsitateari. Azken honek, grabaketak hamarkada luzez gordeta izan ondoren, digitalizatu eta publiko egin ditu duela gutxi. 

Era berean, datu bat argitzea komeni da: bideoen azpialdean irudien deskribapen bana ageri da ingelesez, eta euretariko batzuetan garaiko propaganda frankistak esandakoa adierazten da, hau da, Durango eta Zornotza gorriek suntsitu zituztela esaten da, nahiz eta jakina den udalerriok frankisten aginduz birrindu zirena. Gainera, Zornotzako kasuan, frankistek udalerria berreraikitzera behartu zituzten gerra-presoak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!