[ARGAZKI GALERIA]: Emakume zientzialarien lana, ikusezintasunetik argitara

Ekaitz Herrera 2025ko ots. 4a, 11:28

Durangoko Udalak eta Elhuyarrek hainbat ekintza prestatu dute otsailaren 11gaz, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunagaz, bat egiteko. San Agustin kulturguneko sarreran hainbat emakume zientzialariren biografiak eta ekarpenak ezagutzeko panelak ipini dituzte ikusgai. Dendak Baiko establezimenduek gaiagaz loturiko gimkana bat antolatu dute. 

San Agustin Kulturguneko sarreran Euskal Herriko eta nazioarteko 12 emakume zientzialariren ekarpenak jarri dituzte ikusgai, hainbat paneletan. Besteak beste, Dorotea Barnés kimikari iruindarrak egindako ekarpenak, Amena Karimyan astronomo afganistarraren ikerketak, Jeanne Baret frantziarraren botanika-gaiak, Maria Jesus Esteban matematikari euskaldunaren ekarpenak eta Suzuko Ainhoa Tamura hizkuntzalari japoniarraren biografia laburra daude ikusgai. Jesica Ruiz Durangoko alkateordeak eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "emakumeak ikusezin egon dira hainbat arlotan, tartean, zientzian", eta erakusketa "belaunaldi berrientzako inspirazio-iturri eta erakusgarri"  izango delakoan dago. Azpimarratu duenez, paneletan zientziaren hainbat adarretako protagonistak eta beren ekarpenak daude ikusgai. Otsailaren 11ra arte, Durangoko ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako 475 ikaslek baino gehiagok bisitatuko dute erakusketa. Era berean, erakusketa zabalik dago durangar guztientzat. 

Bestetik, Dendak Bai merkatarien elkarteak ere bat egin du emakumeak eta zientzia dibulgatzeko egitasmoagaz, eta beren lana jarri du ikusgai sareko 24 establezimendutan. Herritarrek, Actionbound aplikazioa erabilita, erakusleihoetako QR kodeak eskaneatu eta galdera-erantzunetara jokatu ahal izango dute, dendarik denda. Santxotena lurrindegiko Maria Eugenia dendariak, adibidez, "pozarren" parte hartu du egitasmoan, "polita eta eraikigarria" dela deritzo-eta. "Nire dendan ikusgai dagoen bigrafia Dorotea Barnesena. Interesgarria da, espektroskopia landu baitzuen. Uhinak ikertze hori baliagarria izan zen lan-arlo dudan lurrinetarako, adibidez", azaldu du dendari durangarrak.

Ikusgai jarritako 12 panelak:

  1. Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996): Astronomoa, aktibista eta idazlea.
  2. Dorotea Barnés González (Iruñea, 1904-2003): Kimika aitzindaria.
  3. Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014): Arkeologo eta esgrimista.
  4. Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876): ekonomialaria eta
    soziologoa.
  5. Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807): Mundua inguratzen duen lehen
    emakume botanikoa.
  6. Lurdes Ansa Maiz (Andoain, Gipuzkoa, 1961): Material zientifikoen editore burua.
  7. Margaret Crane (Indiana, AEB) AEB, 1941): Publizista eta etxeko haurdunaldiaren lehen
    testaren asmatzailea.
  8. María Jesús Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955): Nazioartean aintzatetsitako
    matematika.
  9. Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021): Medikua, idazlea eta aktibista feminista.
  10. Patricia Rodríguez Brennan (Bogota, Kolonbia, 1971): biologo ebolutiboa.
  11. Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015): hizkuntzalaria eta ikertzailea.
  12. Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995): biologo konputazionala.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!