Fermin Muguruzak kontzertua eskainiko du Durangoko Plateruena kultur aterpean

Anboto 2025ko ots. 2a, 19:38

Fermin Muguruzak kontzertu berezia eskainiko du Durangon, 40 Minutu Rock jaialdiaren bueltan. Otsailaren 13an izango da emanaldia, Plateruena kultur aterpean. Sarrerak martitzeneko 09:00etatik aurrera erosi ahalko dira, www.muguruzafm.eus webgunean.

Negu Gorriak eta Kortatu taldeetan, besteak beste, aritutako musikaria FMuguruza 1984-2024 biran murgilduta dago. Dozenaka kontzertu eskainiko ditu aurten mundu osoan zehar. Gaur, kontzertu sorpresa iragarri du Durangon sare sozialen bidez. 40 Minutu Rock elkartasun jaialdiagaz elkarlanean antolatu du kontzertua. Emanaldi berezia izango da, izan ere, Muguruza Euskal Herriko areto batean ikusteko aukera bakarra izango da Plateruenakoa; bi kontzertu gehiago joko ditu Euskal Herrian bira amaitu bitartean, Donostiako Anoeta futbol zelaian, ekainean, eta Iruñeako Nafarroa Arenan, urrian. 

Muguruzagaz batera, Durangaldeko KSKA kolektiboak parte hartuko du emanaldian.

Antolatzaileen arabera, bi sarrera mota egongo dira, alde batetik, Fermin Muguruzaren kontzertukoak, eta bestetik, otsailaren 13ko eta 15eko kontzertuetarako bonoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!