Durangoko patata-tortilla pintxorik onena zein den erabakitzeko ordua

Ekaitz Herrera 2025ko urt. 31a, 13:53

Durangoko ostalariek patata-tortilla pintxo txapelketaren lehenengo edizioa jokatuko dute otsailaren 6tik 23ra. Lehian 17 tabernak parte hartuko dute eta sari bi egongo dira jokoan: epaimahai profesional batek emandakoa bata (900 eurokoa), eta herri-bozketan parte hartzen dutenek emandakoa, bestea (500 eurokoa). Otsailaren bukaeran bigarren txapelketa bat hasiko dute: gildei dagokiena, hain zuzen ere.

Udal arduradunek eta lehiaketan parte hartuko duten tabernariek txapelketari buruzko xehetasun guztiak argitu dituzte eguerdi honetan: pintxo guztiek oinarri komun bera izango dute, hau da, patata, arrautza eta gatza derrigor erabili beharko dituzte, eta, aukeran tipula. Horrez gainera, libreki erabili ahal izango dituzte bestelako osagai gehigarriak. Txapelketan 17 establezimendu lehiatuko dira, eta honako ordutegi honetan egongo dira beren sorkuntzak tabernetan eskuragarri: eguenetan eta barikuetan (19:30-22:00), zapatuetan (12:00-15:00 / 19:30 - 22:00) eta domeketan (12:00-15:00).

Epaimahai profesionalak honako ezaugarri hauek baloratuko ditu hamazazpi pintxoetan: zaporea, gatz puntua, tenperatura eta aurkezpena. Horietan guztietan gehien nabarmentzen den tabernariak 900 euroko saria lortuko du. Bestalde, bigarren sari bat ere egongo da, pintxoak dastatzen dituztenek deliberatuko dutena: herri-epaimahaiak 500 euroko saria emango dio pintxorik onenari. Botoa emateko baldintza honako hau izango da: gutxienez, lehian dauden 17 pintxoetatik 8 dastatzea. Taberna bakoitzak botoa emateko kutxa izango du eskuragarri; dastatzaileek bertan eman beharko dute botoa. Gainera, parte hartzaile guztien artean 100 euro egingo dituzte zotz. 

Egitasmoan parte hartuko duten tabernak honako hauek dira: Leku Berri, Batzokia, Les Villes, Txo, Arripu, Xixilu, Pol Pol, Alex, Txukun, Lupetza, Bowie, Kale Kantoi, Mikeldi, Urrats, Gora Gora, Pausta eta Bodegón Landako. 

Sari banaketa otsailaren 26an egingo dute Kurutzesantun (Turismo Bulegoa). Ekitaldian, pintxo eta taberna irabazleak zeintzuk diren jakinaraziko dute, eta bigarren lehiaketa bat ipiniko dute martxan: gilda txapelketa. Azken hau otsailaren 27tik martxoaren 16ra egingo dute. 

ESANAK:

  • Jesica Ruiz (Durangoko alkateordea): "Honako hau tokiko ostalaritza bultzatzeko egitasmoa  da, ostalarien lana balioan jartzen duena. Ehundura ekonomikoari ekarpena egiteaz gainera, Durango gastronomikoki are eta erakargarriagoa egiteko modua da".
  • Alex Palacios (Dendak Bai): "Funtsezkoa da tokiko ostalaritzari ikusgarritasuna ematea, eta horrelako ekimenek hori lortzen laguntzen dute. Dendak Baitik herritarren parte hartzea sustatzen duten eta Durangoko gastronomiari balioa ematen dioten proposamen guztiak babesten jarraituko dugu".
  • Ibon eta Egoitz Carreto (Batzokia): "Egitasmo indartsua da, hiru astez egongo gara-eta lanean. Horrelako lehiaketak inportanteak dira. Ea aurreko urteekin alderatuta ostalari gehiago animatzeko balio duen". 
  • Patxi Okarantza (Les Villes): "Horrelako egitasmoek ilusioa eragiten digute, polita da jendea mugiarazteko. Aurten, zerbait berritzailea eskainiko dugu gure taberna bietan (Les Villes eta Txo)". 
  • Victor Ospina: (Arripu): "Honelako egitasmo batean parte hartzea onuragarria da guretzat zein herritarrentzat. Zerbait erraza da, eta onuragarria".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!