Kulturala puntu bila jaitsieratik urruntzeko

Anboto 2025ko urt. 31a, 11:30

Durangoko Kulturalaren hamaikakoa, Santurtziren kontrako partiduan. LUIS ITURRIOZ

Hirugarren Mailako amildegitik gertu dago Durangoko Kulturala. Jaitsiera postuan dagoen Padura puntu bi azpitik du itzulia hasiberria denean. Horregatik, garaipena behar du asteburuan Derioren zelaira egingo duen bisitan.

Bigarren itzulia hasi berria denean, Durangoko Kulturalari etxeko lanak lehen bai lehen egiten joatea komeni zaio. Nahi baino gertuago du jaitsiera postua, puntu bira bakarrik. Horrela, zapatuan Derioren zelaian jokatuko duen partiduan hiru puntuak batzea eta jaitsiera apur bat urrunago uztea izango du helburu.

Ez da partidu erraza izango, Derio hamar puntu gorago dagoelako. Gainera, Durangoko Kulturalak etxetik kanpora jokatutako partiduetatik bakarra irabazi du orain arte. Behintzat, Derio bera ere ez dabil fin etxeko partiduetan: irabazi beste partidu galdu ditu, lau.

Durangoko Kulturala sailkapenaren erditik behera dabil denboraldiko zatirik handienean. Boladarik txarrena iazko azaroan izan zuen, bata bestearen atzetik lau porrot kateatuta. Egia esanda, areriorik gehienak mailako talderik indartsuenetakoak ziren: Portugalete, Eibar C eta Deusto. Ondoren, erreakzio txiki bat heldu zen eta partidu bi segidan irabazita. Azpimarratzeko da une honetan bosgarren sailkatuta dagoen Aretxabaletaren kontrako garaipena. Beste partiduan 6-0 jipoitu zuen Gasteizko San Viator azken sailkatua. Harrezkero jokatutako sei partiduietatik bakarra irabazi du eta bolada horrek gerturatu du jaitsiera postuetara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!