Nor da Renata?
Hil eta berpizteko ahalmena duen pertsona bat da Renata, misio bat bete behar duena mundu ero hau salbatuko badu. Eta horretara etorri da.
Kamikazek DNAn darama umorea.
Bai, umore garratz, bizi eta lotsagabe horrek bereizten gaitu, eta hortik jo dugu oraingoan ere. Hori irteten zaigu naturalen.
Oraingoan ere fikziora jo duzue.
Distopia bat da. Sortu dugun gizarte hau muturrera eraman badugu ere, ez dago guretik hain urruti ere. Agian, Barbara Rassoren arropak ere eramaten gaituzte distopia bat markatzera, baina ez da zientzia fikzioa, gehiago izango litzateke fabula bat, ipuin bat.
Umoreak erraztu egiten du egia esatea?
Guk oso arma ontzat hartu izan dugu beti umorea. Gai sakonak eta potoloak hartzen ditugu, kasu honetan heriotza, eta gizarteak daukan behar hori hutsunea betetzeko eta sufrimendua aldentzeko. Gai sakona da, baina umoreak horri buruz hitz egitea ahalbidetzen digu, baina, aldi berean, kritika zorrotz bat egin ahal izatea. Baina, beste alde batetik, etxera joan eta gero konturatu zaitezke, 'zer ikusi dut?', eta konturatzen zara beldur pixka bat ematen duela gure gizarteak (barrez).
Arintasunetik berba egin daiteke gauza sakonei buruz?
Umorea eta arintasuna nahasten ditugula uste dut. Umoreak zerbait oso potentea dauka, eta beste ikuspuntu bat ematen dizu. Edozein arazo, gai, edo sakondu nahi duzun edozeri buruzko beste ikuspuntu bat ematen dizu, dramara eraman gabe, eta horrek nolabaiteko apurketa bat sortzen dizu barnean, beste angelu batetik ikusi dezakezulako.
Dualitateak planteatzen dituzue, heriotza-bizitza, errealitatea-mundu birtuala, kolektiboa-bakardadea... Dena beltza edo zuria den garai batean bizi gara? Gizartea geroago eta polarizatuago dago?
Guk planteatzen dugun gizarte hau gizarte demokratiko positibista bat da, mundu mailako gobernari bakarra izango du; Jessica Ding Dong presidenteak mundu mailan gobernatuko du. Gizarte honetan ez dago dudarako edo kezkarako tokirik, danek berdin pentsatzen dute, berez; baina, noski, inork ez dugu berdin pentsatzen. Hain zuzen ere, gizartean gertatzen ari den polarizazio horrek eramaten gaitu bestearen ikuspuntua ez ulertzera, entzun nahi ez izatera, denok berdin pentsatu beharko bagenu bezala, eta guk hori muturrera eraman dugu; pentsatu dezagun denok berdin, ea zer gertatzen den. Horixe da gure jolasa.
Erronka handia izan da mundu berri hau sortzea?
Bai. Renatak zailtasun dramaturgiko handi bat dauka, plano desberdin piloa du, hain zuzen ere. Alde batetik, distopia bera eraiki behar da, gizarte hori justifikatu, eta horri denbora asko eskaini diogu. Azken finean, unibertso oso bat eraiki dugu, eta bide hori konplexua izan da. Orain bizitzen ari garen mundu konplexu honetatik eta bere ezaugarrietatik ahalik eta gertuen egon nahi genuen, eta horiek muturrera eraman, aldi berean. Eta hortxe sortu dugu gizarte hori. Esan bezala, obrak geruza asko dauka, eta geruza horiek ondo lotu behar ziren, ezin zen haririk puntadarik eman gabe geratu. Bestela, ez luke funtzionatuko, ez litzateke hain sinesgarria izango. Publikoa sartu eta gizarte hori ikusiko du hasieratik, eta, beraz, horrela dela ulertu behar du. Horixe izan da erronkarik handiena. Hori, eta hil eta berpiztu egiten den pertsona bat existitzea ere (barrez).
Eta teknika aldetik, zelan planteatu duzue?
Laugarren pertsona bat sartu da gurekin lanera, eta teknikoki ere bere konplexutasuna du, lau aktore garelako, baina lanak hogeita hamapiku pertsonaia ditu. Orduan, konplexua da magia hori espazialki sortzea; Imanol Garciarekin ari gara hori lantzen aste honetan. Jantzien aldetik ere, lau aktore horiek gizarte oso bat eraikitzen dute, eta, beraz, ez da erraza sinesgarria izatea. Teknikoki konplexua da.
Hamar urte pasatu dira Kamikaz sortu zenutela. Pozik ibilbideagaz?
Bai, oso pozik. Hamar urteren ondoren, une oro ikasten ari garen sentsazioa dugu. Hasiberriaren mentalitatea mantentzea oso garrantzitsua da, ikasle begirada horri eustea, eta aldi berean jakitea bizkargainean ibilbide itzela dugula. Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lanarekin, adibidez, Donostia Saria irabazi genuen, 50 emanaldi inguru egin genituen, eta da Renatak zer ekartzen digun. Taldea, kolektiboa, indartzen doa, eta ikasten doa.
Zortzi antzezlan, kolaborazioak, ikus-entzunezko lanak... Kamikaz deitzea ez da kasualitatea.
Talde emankorra gara. Renata antzezlanaren ideia, adibidez, duela bi urte sortu genuen, Troia egiten ari ginenean; momentu horretan kale antzerkia behar genuela uste genuelako egin genuen. Kamikaz bada toki bat gu geu izan gaitezkeena, eta sorkuntzan horrelako toki seguru bat edukitzea zoragarria da.