Juan de Iciar elkarte kulturala Durangoko Pasiñoa-ren edizio berria prestatzen dabil, 30.a, hain zuzen ere. Edizio berezia izateaz gainera, erronka handi bategaz ekin diete prestaketa lanei: boluntario bila dabiltza belaunaldi aldaketari aurre egiteko. "Paper zehatzen banaketagaz hasi gara, baina batzuk zehazteko ditugu oraindino. Dena dela, otsailaren 5era arte ez gara irakurketekin hasiko; beraz, norbaitek paperen bat interpretatu gura badu, oraindino etorri daiteke", azaldu dute elkartetik. "Herri lana egiteko, 80-100 lagun egotea da egokiena, eta orain 50 inguru gaude. Baina antolaketan, muntaketan eta abarretan ere lagundu daiteke", gehitu dute. Hau da, boluntario edozein izan daitekeela azpimarratu dute, adin tarteari erreparatu barik.
Durangoko Pasiñoaren 30. edizioa apirilaren 15etik 18ra bitartean egingo dute, eta martxoaren 10ean hasiko dira entseguekin. Astelehen eta eguaztenetan batuko dira, 21:00etan. Informazio gehiagorako, interesdunek juandeiciarelkarte@gmail.com helbidera idatzi dezakete.