Mobidurangok, jarduera fisikoa sustatzeko eta herritarren osasuna hobetzeko programak, 1.707 hitzordu hartu zituen iaz. Gainera, Osakidetzako, fisioterapia-zentroetako eta udalerriko kirol erakundeek 136 herritar bideratu zituzten zerbitzura, bertan lehen saioak, jarraipenak eta jarduera espezifikoak garatzeko. Era berean, Durangoko Udalak txalotu egin du Osakidetzaren Osasun Mentaleko arloagaz egindako esku hartzea.
Mobidurango zerbitzua Landako II kiroldegian eta Andragunean eskaintzen da, eta askotariko jarduerak eskaintzen ditu: erorikoak prebenitzeko saioak, 4-6 kilometroko ibilaldi osasungarriak, bizikleta egokituekin mugikortasuna hobetzeko tailerrak eta Integraziora Bideratutako Kinesiologia. Horrez gainera, Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua eskaintzen dute.
Mireia Elkoroiribe alkateak Mobidurangok ongizatea hobetzeko zutabe estrategiko gisa duen garrantzia azpimarratu du: “Instalazioetan eta baliabideetan ez ezik, Durangoko pertsona guztien osasunean eta bizi kalitatean inbertitzen dugu. Lanean jarraituko dugu bizimodu aktibo eta osasungarriak sustatzen dituzten programetarako sarbidea bermatzeko", adierazi du.