"Lagunekin jokatzeak ez du preziorik. Etxea dut Tabirako"

Anboto 2025ko urt. 26a, 10:25

Xabier Arroitajauregi harrobia motor duen saskibaloi klub bateko adierazlerik onena da. Zaletasuna klubeko jokalari izandako gurasoengandik jaso zuen, umetatik Tabirakoren iturritik edan du eta talde boteretsuagoetara joateko eskaintzei uko egin die. Ez da damutzen, Tabirakok saskibaloiagaz bilatzen duen guztia eskaintzen dio eta. Gainera, urte gozoak bizitzen dabil. Azken lau urteetan, taldeak birritan lortu du Espainiako Hirugarren FEB mailara igotzea. Aurten maila horretantxe dabiltza. Mailari eustea oso gatx dute, hamahiru partidutik bakarra irabazita. 

Hirugarren FEB mailan aritzea sari bat da harrobia oinarri duen klubarentzat, baina porrotekin kosta egiten da gozatzea?
Esango nuke gozatzen gabiltzala. Jakina, gehiago gozatuko genuke partiduak irabazita, baina ez gabiltza txarto pasatzen. Zarautzen kontrako partidua kenduta, beste denetan ondo lehiatu gara eta ez dugu askogaitik galdu. Lehiakor sentitzen gara eta edozein partidu irabazteko kapaz garela uste dut. 

Zerk huts egin du orain arte?
Horrelako kategorietan, bost minutuko itzalaldiak ordaindu egiten dira: edo ez dugula ondo defendatu edo ez diogula saskiratze erritmoari eutsi. Konturatu orduko aurkariek abantaila hartzen dute. Horixe gertatu zaigu partidu askotan.  

Zeintzuk dira liga amaitu arteko helburuak?
Badakigu mailari eustea oso gatx dela. Bigarren itzulian partidu asko irabazi beharko genituzke, eta lehenengo itzulian bakarra irabazi dugu. Partidurik partidu ondo lehiatzea izango da helburua, eta, irabazten badugu, ba hobeto! 

Denbora gutxian birritan igo zarete Hirugarren FEB mailara. Zelan esplikatzen da arrakasta hori?
Hainbat faktorek bat egin dutela esango nuke. Esaterako, belaunaldi desberdinetako jokalari on asko irten dira azken urteetan. Talde gaztea gara. Ni taldeko bigarren jokalaririk beteranoena naiz, 28 urtegaz. Aurten juniorretatik talde nagusirako saltoa eman duten lau jokalari ditugu. 19 urte dituzte oraindino eta ibilbide osoa aurretik. Taldeak itxura ona du eta urteetako taldea dugula uste dut. 

Iaz Hirugarren FEB mailako MVPa [jokalaririk baliotsuena] izan zinen jardunaldi batean. 4/5 hirukoetan, 8/13 biko jaurtiketetan, 10/10 jaurtiketa libreetan, bost errebote eta lau asistentzia. Guztira, 46ko balorazioa. Zure ibilbideko partidurik onena izan zen?
Seguruenik bai, nire ibilbideko onena. Horrelako partiduak bost urterik behin irteten dira, asko jota. Egun horretan dena ondo irten zitzaidan: jaurtiketak, defentsa… Hala ere, partiduak zapore gazi-gozoa utzi zidan, galdu egin genuelako. Partidu hori irabazi bagenu, mailari eusteko pauso inportantea emango genuen. 

Lorpen pertsonal gehiago ere badituzu: Euskadiko Lehen Nazional mailako jokalaririk onenaren eta Bizkaiko jokalaririk onenaren sariak. Lorpen guztietatik zeinek egiten dizu ilusiorik handiena?
Denek egiten didate ilusioa, ez nuke bat bestearen gainetik nabarmenduko. Jokalaririk onenarena denboraldi oso bati egindako errekonozimendua da eta poza ematen du. MVParenak ere ilusio handia egin zidan, duen hedaduragaitik.

Zelan daramazu taldeko jokalaririk erabakigarriena izatearen zigilua?
Ez naiz taldeko jokalaririk erabakigarriena sentitzen. Badakit partidu batzuetan ni izaten naizela punturik gehien sartzen duena, baina taldean ni baino askoz ere konstanteagoak diren jokalariak daudela uste dut, bai erasoan bai defentsan. Hau da, partidu on bat dudanean alderik handiena markatu dezakeen jokalaria izan naiteke, baina beste batzuetan… hobe aulkian geratu izan banintz! Horrelako partiduren bat ere gogoratzen dut. Gura nuke taldekide batzuen konstantzia neuretzat. Taldearen errendimendurako jokalari garrantzitsuak dira.

Izan duzu eskaintzarik talde indartsuagoetara joateko? Horrela bada, zergaitik erabaki duzu Tabirakon geratzea?
Bai, eskaintzak izan ditut, baina ez nik bakarrik. Maila galdu dugunetan, taldeko hiru-lau jokalarik horrelako eskaintzak izan ditugu, baina nahiago izan dugu etxeko taldean elkarregaz jokatzen jarraitzea. Gure artean dugun konfiantzagaz erosoago sentitzen gara kantxan. Lagunekin jokatzeak ez du preziorik. Taldekide askogaz 16 urtetatik batera nabil. Etxea dut Tabirako. Azkenean, partiduak, entrenamenduak eta gainerakoak kontuan hartuta, familiako jende asko baino gehiago ikusten ditut! (barrez). 

28 urte dituzu. Zeure burua urte askoan ikusten duzu saskibaloian?
Ez dakit seguru. 28 urte egin ditut oraintsu eta beste pare bat denboralditan jarraituko dudala esango nuke. Oraingoz, behintzat, 30 urtera arte jarraitzea da buruan darabildan epea. Baina, tira, momentua heltzean ez dakit zer erabaki hartuko dudan. Unea hurreratu ahala joango naiz pentsatzen. 

30 urtegaz fisikoki sasoi betean egongo zara oraindino.
Ez pentsa, fisikoki ere urteak igartzen ditut dagoeneko!

Badago erretiratu aurretik Tabirakogaz lortu gura zenukeen lorpenik?
Aurten seguruenik Euskadiko Lehen Nazionalera jaitsiko garenez, desio hauxe dut: datorren urtean berriro mailaz igotzea, eta, posible bada, kategoria horri eustea, urtero gora eta behera ez ibiltzeko igogailu batean lez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!