Aroztegiko zazpi auzipetuei elkartasuna adierazteko deia

Anboto 2025ko urt. 22a, 08:00

(Argazkia: erran.eus / Ttipi-ttapa)

Durangoko herritar talde batek eskualdeko herritarrak deitu ditu otsailaren 1ean Iruñeko mobilizaziora joatera.

Otsailaren 1ean, zapatua, Aroztegiko zazpi auzipetuen aldeko manifestazioa egingo da Iruñeko kaleetan. Hori dela eta, Durangoko herritar talde bat mobilizaziora joateko prestatzen hasi da, eta eskualdeko herritarrak deitu ditu Nafarroako hiriburura joatera. 12:00etan irtengo dute Ibaizabal ikastolatik, autoz. ibilgailua partekatu gura dutenek honako lotura honetan eman dezakete izena: labur.eus/DurangoLurrarenDefentsan.

Aroztegia Lekarozen egitea aurreikusia dagoen proiektu urbanistikoa da (Baztan, Nafarroa), luxuzko hotela, 225 etxebizitza eta golf zelai bat lituzkeena. Proiektua oso eztabaidatua izan da 2016tik, eta Baztango herritarrek zein instituzio publikoek askotan agertu dute harekiko kontrakotasuna. 2021eko apirilean, hondeamakinak lursailera sartu ziren eraikuntza lanekin hasteko, baina herritar talde bat makinen aurrean jarri zen lanok hastea ekiditeko. Nafarroako Auzitegi Nagusiak 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna ezarri zien zazpi baztandarri. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!