Durangoko Udalak 265.460 euroko kreditu moldaketa bat egingo du San Agustinalde kaleko egoitza zaharrean konponketa lan batzuk egiteko: iragazgaizte eta sendotze lanak egingo dituzte teilatuan. Eraikinak narriadura egoera nabarmena bizi duela azaldu du udalak .Teilatutik ura sartzen da etengabe, eta horrek kalte handiak eragin dizkio egiturari.
Eraikina 2008an zarratu zuten, eta ordutik hona okerrera egin du haren egoerak. "2020an egindako egiturazko eskoramendua bezalako esku hartze puntualak gorabehera, teilaturako irtenbide integralik ez egoteak haren egoera larriagotu du. Duela gutxi egindako bisitetan, eremu kritikoetan, hala nola ipar-ekialdeko eskaileran, muturreko narriadura antzeman da, eta azken solairua irisgaitza bihurtu da", azaldu du udalak. .
Uribarriko egoitza zaharra 1845ekoa da, eta babestua dago. Udalak herriko ondarea kontserbatzeko konpromisoa agertu du.