Lau desfibriladore ipini dituzte Durangoko kaleetan

Anboto 2025ko urt. 20a, 13:35

Ezkurdin, Madalenan, Otamontzenan eta San Fauston ipini dituzte. Udalak Udalerri Kardiobabestu bihurtu gura du Durango.

Durangoko Udalak lau desfibriladore ipini ditu herriko hainbat puntutan, osasun-larrialdietan erabiltzeko. Instalazioek honako elementu hauek dituzte: DOC desfibriladore bat – larrialdietako zerbitzuekin zuzeneko konexioa duena, esku hartzeetarako kit bat eta bihotz-masajeari laguntzeko RCP safe gailua. Desfibriladoreok honako leku hauetan ipini dituzte: Ezkurdin, arkupearen ondoan; Madalenako autobus geralekuan, Elorriorako eta Ondarroarako norabidean; Otamotzena parkean, Pagasarri kaletik gertu eta San Fauston, frontoiaren ondoan. Udalak 22.000 euro bideratu ditu gailuak instalatzera.

Datozen egunetan, hainbat ikastaro egingo dute desfibriladoreak erabiltzen erakusteko. Interesdunek itxertudi@durango.eus helbidera idatz dezakete. Ordutegiak honako hauek dira: 

Euskaraz:

  • Urtarrilak 29 – 19:00etan
  • Urtarrilak 31 – 17:30ean

Gaztelaniaz:

  • Urtarrilak 27 – 17:00etan
  • Urtarrilak 29 – 10:00etan eta 17:00etan
  • Urtarrilak 30 - 10:00etan eta 17:00etan

EH Bildurekin batera

Desfibriladoreak ipintzeko proposamena EH Bilduk egin zuen 2024ko aurrekontuen negoziaketetan. Gobernu taldeak  koalizio subiranistarekin batera hitzartu zuen desfibriladoreok ipintzea. "Pozik gaude gure proposamena onartu eta urtebetera lehenengo lau desfibriladoreak instalatu direlako eta interesdunentzako prestakuntzak hasiko direlako. Asmoa da tresna horien instalazioa pixkanaka handitzea Durangoko hainbat gunetan, eta urtero prestakuntza eskaintzen jarraitzea, pertsona gehiago prest egon daitezen", azaldu du EH Bilduk ohar bidez. Gaineratu dutenez, egitasmoa "babes kardiobaskularra hobetzeko beharretik sortu da, batez ere, Durangon anbulantzia medikaliaztu bat ez dagoelako". 

Era berean, herritarrak deitu dituzte ikastaroetan parte hartzera, eta gobernu taldeari eskatu diote "ez dezala gehiago atzeratu gainerako desfibriladoreen instalazioa". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!