Aritz Aldalurrek eta Oihane Isasik irabazi dute JAEDen autoa

Anboto 2025ko urt. 17a, 19:59

Ezkerrean, Aritz Aldalur JAEDeko eta Gaursako arduradunekin.

Gaur jaso dute Renault Clio Techno TCE90 markako autoa.

JAEDen zozketa solidarioko sari nagusiak baditu jabeak: Aritz Aldalur eta Oihane Isasi, Garain bizi den bikote durangarra. Gaur jaso dituzte Renault Clio Techno TCE90 markako autoaren giltzak, Gaursako kontzesionarioan egindako ekitaldian.

Zozketaren egunean bertan jakin zuten eurak zirela irabazleak. Honela gogoratu du Isasik momentua. "Zortzi urteko semeak zozketako txartel bat zuen bere izenagaz aititak erregalatuta. 'Kotxea tokatzen bazait, niri erosi play station bat eta kotxea zuentzat', esaten zigun. Broma horrekin ibili ginen. Gero, etxera joan eta lotara joan aurretik alabak esan zidan: 'Ama, oraindik ez ditugu txartelak begiratu'. ANBOTOn begiratu genituen zenbakiak eta autoaren zenbakia gurea zela konturatu ginen. Sorpresa itzela hartu genuen!", kontatu du. Seme-alabengatik auto handiagoa behar dute egunerokotasunean eta, printzipioz, zozketako autoa saltzeko asmoa dute.

Garaira bizitzen joan aurretik, Durangoko Artekale kalean bizi ziren eta orduan hartu zuten txartelak erosteko ohitura erosketak-eta egitera irteten zirenean. Gaur egun Garain bizi diren arren, ez dute ohitura galdu. Aurten hamar txartel zituzten. Aurrerantzean ere txartelak erosten jarraitzeko asmoa dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!