"Basterretxearen marrazkilari sena aldarrikatu behar da"

Aritz Maldonado 2025ko urt. 19a, 10:52

Nestor Basterretxea jaio zenetik 100 urte bete direla gogoratzeko, ekitaldi sorta antolatu dute; tartean, Andere Larrinaga (Amurrio, 1978) EHUko irakasleak urtarrilaren 23an Durangoko Arte eta Historia museoan emango duen berbaldia.

Iaz 100 urte bete ziren Nestor Basterretxea artista jaio zela. Basterretxea ertz askoko artista zen eta eskulturan, zineman, diseinuan eta margolaritzan nabarmendu zen, eta, orokorrean, euskal kulturaren susperraldiaren aldeko lanean. Hain zuzen ere, hain ezaguna ez duen aldea nabarmentzen duen erakusketa dago Durangoko Arte eta Historia museoan otsailaren 2ra arte. Beste ekimen osagarri batzuk ere antolatu dituzte; besteak beste, berbaldi bi. Lehenengoa atzo izan zen. Bertan Aitor Aurrekoetxeak Gaur taldea eta Euskal Eskolako mugimenduak aletu zituen. Bigarren berbaldia urtarrilaren 23an izango da, eta bertan Andere Larrinagak Nestor Basterretxea zenaren bizitza eta obra aztertuko ditu. "Artelana eta bizitza da proposatu zidaten izenburua, eta egokia iruditzen zait. Bere biografiari buelta bat eman, eta obraren errepaso bat izango da, euskal kulturari egin dizkion ekarpenik garrantzitsuenak zeintzuk diren birpasatzeko, baita Espainiako arteari egindakoak ere, Espainian ere artista aipagarria izan zelako", esan du Larrinagak. Berbaldia 19:00etan izango da.

Banandu daitezke bere obra eta bere bizitza?
Nire ustez, artista batengan ere ezin dira banandu, baina Basterretxearen kasuan oraindino gutxiago. Bere biografiari erreparatuta, batez ere jaio zen garaiak eta bere bizipenek asko baldintzatu zuten bere obra. Agerikoa da zeintzuk izan ziren bere obraren gairik garrantzitsuenak, eta nondik eta zein konpromisogaz bideratu gura zuen bere praktika artistikoa. Oso pertsonaia konprometitua izan zen euskal kulturagaz eta memoriagaz, eta, dudarik barik, bere biografiak asko baldintzatu zuen bere lana.

Erbestean Oteizagaz kointziditu zuen. Horrek bereziki eragin zuen beragan?
Argentinan elkar ezagutu zuten, eta Basterretxea une hartan konturatu zen Oteiza artista interesgarria zela. Baina garai hartan barik, biak hemen berriro elkartu zirenean estutu zen euren hartu-emana. Lehenengo topaketa haiek garrantzitsuak izan ziren, baina euren elkartrukea nabarmenagoa izan zen hemen. Dudarik barik, biak oso figura garrantzitsuak izan ziren Gaur taldea sortzeko eta Euskal Eskolako Mugimenduak sustatzeko. Elkarlan hori, batez ere, Irunen espazioa eta etxebizitza konpartitu zituztenean gertatu zen, elkarregaz hainbat proiektutan ibili zirenean.

Elkar errekonozitu eta aurpegia jartzeko baliagarria izan zen Argentinakoa. Oteiza ahaztezina da, baina, esan dudan moduan, euren hartu-emana hemen sendotu zen; hala ere, argitu gura nuke erbesteko garaia ere garrantzitsua izan zela geroko sormenerako. Oteizak gerra aurretik erabaki zuen Hego Amerikara joatea, baina Basterretxearen familiak ihes egin behar izan zuen gerragaitik. Biek gerra galdu zutenen aldeko konpromiso argia zuten. Horrek euren praktika eta konpromisoa baldintzatu zituen, euskalgintzagaz orokorrean eta abangoardiako euskal artegintzagaz bereziki. 

Erakusketara itzulita, zelakoa zen Nestor Basterretxea ilustratzailea?
Arte munduko lehenengo pausoak marrazkilari publizitario lez eman zituen. Nerabezarotik marrazten zuen eta horixe izan zen bere hastapena artegintzan. Euskal Eskolako eskultorerik garrantzitsuenetarikoa izan zela dugu denok buruan, marrazkigintzatik pinturarako prozesua egin zuela, eta handik eskulturara, baina dena batera gertatu zen. Diseinua, diseinu industriala, arkitektura proiektuak... bere marrazkilari gaitasun hori oso barruan zuen, senean, eta urteurren honek bere osotasunean aldarrikatu du hori. Peio Agirrek, adibidez, Basterretxearen kaleidoskopioaz berba egin zuen, eta, hain zuzen ere, marrazkigintzak beste diziplinak batzen ditu, hori izan baita mamia beste diziplinetan ere ondo eta sendo aritzeko. Arte Ederren museoak bere arkitekturarako eta diseinurako gaitasuna aldarrikatu zuen moduan, bere marrazkilari aldea errekuperatzea ere oso garrantzitsua da, hain zuzen ere zooma marrazkigintzan eginez.

Amaitzeko, ausartuko zinateke Basterretxea edo bere obra hiru berbetan azaltzen?
Hemen ere berba lapurtuekin nabil (barrez). Unibertsitatean lan egiten dudanez, Arte Garaikideko eta bereziki euskal Arte Garaikidea jorratzen duten lankideak ditut, oso onak, eta euren esanetan balio anitzeko artista zen, diziplina askotan ondo eta sendo ibilitakoa, lehen esan dudan moduan. Alde espresibo oso interesgarria zuen, eta analisirako gaitasun izugarria. Helduaroko lanetan, analisia eta espresioa batzen zituenean, oso obra sendo eta oparoak egin zituen. Gainera, abstrakzioaren eta figurazioaren arteko pibotatze oso interesgarria ekarri zuen. Beste hainbat euskal artistak ere izan dute abstrakzioaren edo figurazioaren arteko eredu bat, baina Basterretxeak oso eredu propioa ekarri zuen; arkitekturarako edo diseinurako zuen gaitasuna nabarmenduko nuke hor. Baita ere goi mailakotzat jotzen diren diziplinetan artea egiteko gai zela, eta txikiagoeta, diseinuan edo arte aplikatuetan, esaterako. Hortaz, merezi du bere lanekin erakusketa berri bat egitea eta begiradatxo bat zuzentzea artista honi. Azken batean, urteurren hauek posible egiten dute pertsonaia hauek gizarteari egin dioten ekarpena gogoratzea. Basterretxearen kasuan, gainera, euskal gizarteagazko konpromisoa ere azpimarratuko nuke. Pozarren noa Durangora artista honi buruz dudan ikuspuntua kontatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!