"Gaztetxearen aldeko borroka ez da eten"

Ekaitz Herrera 2025ko urt. 20a, 10:00

Durangoko Kaletik Gaztetxera dinamikak postetxe zaharra okupatu zuen abenduaren 6an. Handik egun batzuetara udalak salaketa ipini zuen. Elkarretaratze, karga eta tentsio artean gazteek eraikinetik irten behar izan zuten. Alabaina, asanbladako kideek ez dute etsi: gaztetxea lortzeko bideari eutsiko diote. Oraingoz, kideak saretzen dabiltza, eta urte osoari begirako egitarauak antolatzen.

Zein da abenduko gertakariez egiten duzuen interpretazioa?
Ander Sarriugarte: Aste nahasiak izan ziren eta denbora behar izan dugu dena barneratzeko. Batetik, asanbladak izandako indarra azpimarratuko nuke, ez genekien-eta hain babes handia geneukanik. Irtenarazte ilegal hura bizi eta gero, jendea batzeko gaitasun handia erakutsi genuen. Eta eskertzekoa ere bada inguruko Gazte Asanbladek emandako babesa. 
Kattalin Zugazagoitia: Txanponaren beste aldean udalaren erantzuna dago. Okupazioa izan baino lehenago, Durangok gaztetxea urgentziaz behar zuela adierazi genien udal arduradunei. Proposamen bat egin ziguten, baina proposamen hark ez zuen batere zerikusirik guk gaztetxe lez ulertzen dugunagaz. Euren jabetzakoa ez zen leku bat eskaini ziguten, beharbada urte batzuk barru erabili ahal izango litzatekeena, baina ez zegoen ezelako bermerik. Gainera, proposamen hark ez zion urgentziari erantzuten. Eta gerora, eraikina utzarazi eta gero, isiltasuna baino ez dugu jaso. Esanguratsua da ere alderdi politiko bakar batek ere ez duela gaiari buruz galdetu azkeneko osoko bilkuran. 
A.S.: Beste behin ere, instituzioek argi erakutsi dute euren eskumenetik kanpoko antolamenduei, jendea batzeko gai diren eta proposamen alternatiboak egiteko gai diren proiektuei, euren tresnak erabilita erantzuten dietela. Durangon urteetan ez dugu halako kargarik bizi izan. 

Badago Gaztetxeko kideen kontrako auzibiderik indarrean?
A.S.: Bai. Guk dakigula dinamikako lau kidek jaso dute usurpazio delituagaitiko salaketa jakinarazpena. Hala ere, ikerketapean dauden gazteak gehiago dira, eta, beraz, posible da kopuru hori handiagoa izatea. Jakinarazpenetariko batzuk oraindino eraikin barruan geundela jaso genituen; beste batzuk eraikina utzarazi eta gerora. Kalean identifikaturiko kideak daude horien artean. 

Une honetan zelakoak dira udalagaz dituzuen hartu-emanak?
K.Z.: Ez daukagu apenas hartu-emanik. Durangoko Azokako asteburuan alkateagaz kontaktuan egon ginen, eta asteburu hura lasai igaro genezakeela adierazi zigun. Baina domeka hartan bertan eten ziren hartu-emanak, Azoka amaierako domekan. Baldintza haietan ez zuela negoziaketekin jarraituko esan zigun udalak. 
A.S.: Kargen egunean udal arduradunekin berba egin genuen, baina entzungor egin ziguten. Gerora, eraikina utzarazi eta aste bitara jakinarazpen bat helarazi ziguten. Elkarregaz batzartu gineneko proposamen bera ipini ziguten mahai gainean, Gaztetxearen eredua argitzen ez duen eta urgentziarik adierazten ez duen hori. Proposamenari erantzun genion eta orain haien erantzunaren zain gaude.

Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzuen planak?
K.Z.: Gure lehentasuna salaketak atzera botatzea lortzea da. Alde horretatik, ahalik eta gehien presionatu gura dugu. Bestalde, kaleak hartzen jarraituko dugu, eta ahalik eta egitaraurik gehien antolatzen. Asanblada indartsu dago, sendotzen dabil. 
A.S.: Hartu-emanak hasi ditugu hainbat elkartegaz, eta hasi gara horien fruituak ikusten. Ikasturte honi dagokionez, egitarau zabala prestatzen gabiltza. Gure proiektuaren berri han-hemenka ematen eta hura aberasten jarraituko dugu. Hurrengo pausoak hausnartu gura ditugu, eta espazioak aztertu. Izan ere, Gaztetxearen aldeko borroka ez da eten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!