Kortxoaren dilema thriller politikoak etika, koherentzia eta traizioa osagaiak batzen ditu. Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek elkarregaz egin duten hamaikagarren lanean, Martinez Irakaslea eta Telleria Ikaslea dira. Etika eta filosofia politikoan katedraduna den jubilatu ezkertiar, polemiko eta itzal handikoa da lehenengoa. Pronostiko eskaseko minbizia detektatu diote, eta duen irtenbide bakarra aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman dion radioterapia tratamendua da: printzipioekiko leiala izatearen eta bizia salbatzearen artean erabaki beharko du, eta hor agertuko da Ikaslea. "Trama eroak endreduzko komedia bihurtzen du antzezlana. Politikoa ere bada, pertsonaiak amildegiaren ertzean kokatzen dituelako, printzipioak mugaraino eramanez, eta bizia bera jokatzen dutelako", azaldu dute konpainiakoek. Tartean konpainiak 2023ko azaroan estreinatu zuen antzezlan hau, Bilboko Arriaga antzokian.
Kamikazen estreinua
Kortxoaren dilema San Agustin kulturgunearen denboraldi berriko bigarren emanaldia izango da; joan zen astean, Ixo teatrok Eros lana aurkeztu zuen, aretoa lepo zegoela. Ondoren etorriko dira, besteak beste, Kamikaz kolektiboaren Renata lanaren estreinaldia, eta Gorakadaren Moko, Indalecio Bizkarrondo Bilintx.