Mugikortasun jasangarrirako plana eguneratuko dute Durangon

Anboto 2025ko urt. 9a, 17:28

Durangoko Udalak hiri-mugikortasunaren diagnostikoa idazteko eta Hiri-mugikortasun Jasangarrirako Plana eguneratzeko lizitazio prozesua zabaldu du. Horrretarako, 84.700 euroko aurrekontua dute.

Durangoko Udalak 2010etik indarrean dagoen Hiri-mugikortasun Jasangarrirako Plana eguneratu gura du, "gaur egungo eta etorkizuneko beharretara egokitu" dadin. Horretarako lizitazio prozesua abiatu dute, 84.700 euroko aurrekontuagaz. Lan horren barruan, hiri-mugikortasunaren diagnostiko eguneratua idatziko du aukeratutako enpresak. Gainera, herritarren parte-hartzea txertatu beharko du prozesuaren etapa guztietan. Otsailaren 3ra arte aurkeztu daitezke eskaintzak.

Hiri-mugikortasun Jasangarrirako Planak honako "funtsezko" arloak batuko ditu: mugikortasun aktiboa sustatzea (oinez eta bizikletaz), garraio publikoa ebaluatzea eta hobetzea, aparkalekuak eraginkortasunez kudeatzea, ingurumen inpaktua murriztea eta airearen kalitatea hobetzea. Halaxe zehaztu dute udal arduradunek. "Genero-ikuspegia txertatuko duten garraio-estrategia inklusiboak ere sustatuko dira, herritar guztientzako mugikortasun jasangarria eta irisgarria bermatuz".

Herritarren parte-hartze prozesua bideratuko da, tailerrak, informazio saioak eta ekarpenak bilduko dituena, udal ordezkariek azaldu dutenez. "Helburua da erabakiek Durangon bizi diren pertsona guztien beharrak eta nahiak islatzen direla bermatzea", argitu dute.

Guztira, 18 hilabeteko epea izango du enpresak lana gauzatzeko. Diagnostikoa egin eta Hiri-mugikortasun Jasangarrirako Plan eguneratua idazteko urtebeteko epea izango dute enpresa aukeratuak. Gainontzeko sei hilabeteak  beharrezko azken izapideak egiteko erabiliko ditu, udal ordezkariek zehaztu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!