Aitor Etxartek hamarkada bat darama San Agustin kulturguneko oholtzara igo barik; hain zuzen ere, profesional lez antzezten daraman denbora. Ibilbide profesionalaren zati handi bat Pabilioi 6 proiektuari lotuta pasatu du aktore durangarrak, eta horrek zaildu egin du Durangoko kulturgunera joateko aukera. Domekan, Ixo Teatrok ekoiztutako Eros lana aurkeztuko du etxean, Durangon; Etxarte Eros jainkoaren azalean sartuko da, eta, beragaz batera, Nagore Cenizo-Arroyo, Itxaso Gil, Luix Mitxelena eta Leire Ormazabal igoko dira oholtzara.
San Agustineko taulara profesional lez igoko zaren lehenengo aldia izango da domekakoa, hamar urtez lan egin eta gero.
Hasieran harrigarria dirudien arren, praktikan ez da hain deigarria: Pabilioi 6gaz lan asko egin dut eta konpainiak ez ditu bere aretotik mugitzen bere lanak. Pandemia bat ere pasatu dugu urteotan, eta lan egin dudan beste konpainiekin ez du kointziditu. Horrek polit egiten du domekakoa, hamar urteotan aktore lez nahiko hazi naizelako eta heldutasun maila batera heldu naizelako. Lehenengo aldia orain izatea ere polita da, jakinda egingo dudan lana profesionala eta duina dela. Horrek gozatzeko aukera emango dit, ez delako beste lehenengo aldi batzuen modukoa izango, urduri zaudena jende ezagunaren aurrean aritzean. Urduri nago, baina urduritasun gozo bat da, zelanbait esateko, gogotsu nagoelako antzerkigintzaren mundua zer den erakusteko Durangoko lagunei eta familiari. Horrek egiten du berezi niretzat.
Desberdina da lehenengo pauso horiek edo hamar urteko ibilbidearen ostekoa erakustea.
Lasaitasun eta konfiantza jakin bategaz igoko naiz orain. Hasieran balitz, orduan ere oso polita izango zen, baina denontzat desberdina izango zen, bai niretzat eta baita publikoarentzat ere. Kasu honetan, etxera gozatzera nator, inolako presiorik barik, zelan lan egiten dudan erakustera eta dakargun istorioa kontatzera. Uste dut, gainera, oso lan polita dela eta obra desberdin bat dela. Berbarik bako antzerkia ez da umeentzat bakarrik, antzerkia ez dira Hamlet edo Lorca bakarrik. Keinu antzerkia aspaldikoa ere bada, eta askotarikoa. Eta hori erakusteko gogoa ere badut.
Keinu antzerkiko lehen lana duzu.
Taldean gauden denok, zuzendaria barne, publiko batentzat horrelako lan bat egiten dugun lehenengo aldia da. Teoria gehiago edo gutxiago jaso eta landu dugu, baina jendaurreko proiektu modura aurretik egin bakoak gara. Arnatzen proposamena jasota, berak gidatu gaitu, gehien ikasi eta dokumentatu dena delako. Egiteko forma, egin ahala ikasi dugu; posible da hanka-sartzeak egitea prozesuan, eta baliteke purista batek eskuak burura eramatea kontu batzuk ikusterakoan, baina, bide berri bat hartzerakoan, esango nuke denok dugula arriskua erratzeko. Baina apurka-apurka hobetzeko aukera ere bai, eta uste dut nahiko lan duina egin dugula eta keinu antzerkian dabilen mundu guztia errespetuz hartu dugula. Euskal Herrian, adibidez, Kulunka dago, maskarekin-eta lan ikaragarriak egin dituena. Pauso horiei jarraitu guran, antzerki fisikoaren mundua deskubritzen gabiltza.
Antzerkian gorputza beti izan da garrantzitsua, ez testua bakarrik. Edozein obratan, testua asko lehenesten da eta gainerakoak bigarren mailara zokoratzen dira, geroago errekuperatzeko. Kasu honetan, entseatzera testurik barik joaterakoan, gorputza bakarrik landu ahal izan dugu, eta horrek ere aukera asko ematen dizu. Gorputzagaz istorioak zelan kontatu pentsatu dugu eta beste prozesu batzuetan ikasitakoagaz birkonektatu ahal izan dugu.
Eros antzezlanean, maitasun erromantikoa da istorioaren ardatza.
Eros antzezlanean maitasun erromantikoa aitzakia bat da hartu-emanez berba egiteko; bikote protagonista erabiltzen da, zelanbait, uste dugulako edozein hartu-emanetan gertatzen direla horrelakoak. Pertsona berri bat ezagutzerakoan, gure bertsiorik onena erakusten ahalegintzen gara, maskarak janzten ditugu horretarako; erlazioetan ipintzen ditugun maskara horiez jarduten gara. Gaur egun, beste maitasunei buruz ere berba egiten dugu, ez bakarrik bikote artekoaz; lagunen arteko maitasunaz berba egiten dugu, gurasoenganakoaz, gizarteari diogun maitasunaz... Maitasunaz berba egiterakoan muga batzuk ere zabaldu dira. Istorio hau kontatzeko, klasiko bat aukeratu dugu, Eros, baina erlazioez berba egiten dugu. Edozein bikote izan daitekeenaren istorioa kontatu dezakegu. Paraleloan, nik antzezten dudan Eros jainkoaren istorioa ere kontatzen du, bere hausnarketekin.
Maiatzean estreinatu zenuten lana. Pozik harreragaz?
Pabilioi 6-n estreinatu genuen, eta lanak harrera polita izan zuen. Jende nahikotxo joan zen, kultura programatzaileak asko, San Agustineko Arantza Arrazola kasu. Oso pozik irten ginen, hainbat emanaldi lotu genuelako bertan. Ordutik, Bergaran, Santurtzin eta Tolosako Topic jaialdian ere egon gara. Urtarrilaren 19an, Oiartzunen arituko gara, eta azken data Bilboko Arriagan izango da, otsailaren 19an. Konpainia berrientzat Euskal Herriko zirkuituan sartzea zein gatxa den ikusita, oso pozik gaude.