CCOOko ordezkariaren kaleratzea "bidegagabea" izan zela "onartu" du Fumbarrik, sindikatuak dioenez. Are gehiago: enpresak ordezkariaren kontra ezarritako diziplina kaleratzea "erretiratu" egin behar izan duela azaldu du. Erabakia ordezkari sindikalaren eta enpresaren arteko auzi judiziala eta gero iritsi da, urtarrilaren 7ko epaiketatik egun bira: "Fumbarriri ez zaio beste erremediorik geratu kaleratzea bidegabea izan zela onartzea baino. Gainera, diziplina kaleratzea erretiratu behar izan du", azaldu dute. Edozelan ere, enpresak ez du ordezkari sindikala lanerako berrartu.
"Oso hilabete gogorrak pasatu ditugu justizia egiteko saiakerekin, baina heldu da lan onaren ondorengo saria", azaldu du sindikatuak. "Injustiziaren aurka borrokatzea zein garrantzitsua den argi utzi dugu, langile ordezkari guztien indarrarekin edozer lortzeko gai garela argi utzita", gaineratu dute.
CCOO sindikatuak mobilizazio sorta handia egin du iazko apiriletik hona. Hainbat kontzentrazio egin dituzte galdategiaren aurrean. Durangoko kaleetan ere hainbat bider mobilizatu dira.