Durangoko Etxeratek eta Ezker Abertzaleak ziklo bat zarratu dute: amaiera eman diete hiru hamarkadatan barikuro-barikuro euskal presoen alde antolatutako elkarretaratzeei. "Euskal preso, iheslari eta deportatuen egoerak hobera" egin duela-eta hartu dute erabakia, eta aurrera begirako aurreikuspenak "baikorrak" direla gaineratu dute: "Presoen kolektiboaren erdia modu batean edo bestean kalea zapaltzen dabil, eta Frantzian betetako urteen legediaren kontuarekin, aurreikuspena oso baikorra da datozen hilabeteei begira", adierazi dute. Edozelan ere, Etxeraten eta Ezker Abertzalearen esanetan, egoera berriaren aurrean "arnasa hartzeak" ez du esan gura "atseden" hartuko dutenik, ezta kaleak hartzeari utziko diotenik ere: "Salbuespen legediak indarrean jarraitzen du, eta azken errepresaliatua etxeratu arte ez dugu etsiko", adierazi dute. Alde horretatik, "denak etxean izan arte", egitasmoetan parte hartzen jarraitzeko deia egin dute, urrutira joan barik, Sarek hilabete bakoitzeko barikuetan antolatzen dituen elkarretaratzeetan batuta. Etxeratek eta Ezker Abertzaleak "garrantzitsutzat" jo dute mobilizazio horietan parte hartzea. Bestalde, "Etxera Eguna, 40 Minutu Rock, hitzaldietan, elkarrizketetan eta eskualdeko kanpainetan" parte hartzera ere dei egin dute.
Horrez gainera, urtarrilaren 18an lan-saio bat egingo dute Ibaizabal ikastolan, aurrera begirakoak aztertzeko. Eta zapatu honi, urtarrilak 11, dagokionez, Sarek Bilbon egingo duen mobilizazioan parte hartzera deitu dute. Manifestazioak La Casillatik irtengo du 17:00etan, Behin Betiko lemapean.
Azkenik, kontzentrazioen antolatzaileek azken 30 urteotan bizitakoak gogoratu dituzte. kartzelara presoei bisitan joandakoen istripuak, presoen gaitxotasunak eta zigorrak, baita heriotzak ere.