Durangoko Udalak herriko argiteria osoa berritzeko prozesua hasiko du aurten, energia-eraginkortasuna hobetzeko, instalazioen funtzionamendu egokia bermatzeko eta jasangarritasuna sustatzeko helburuz. Horretarako, enpresa baten esku utziko du argiteria publikoko instalazioen erabilera. Azken honek hainbat betebehar izango ditu. Horien artean egongo dira argiteria publikoari eta Gabonetako argiei begirako erosketak, kontratuak eta kudeaketa egiteaz, argien mantentze prebentiboaz eta konponketez, argiak LED teknologiara eguneratzeaz eta jarduketak bermatzen direla ziurtatzeko kanpo-ikuskapenaz. Prozesua aurten hasiko da eta 2026an zehar lanak amaitzea aurreikusi dute.
Udalak hamar urteko kontratua egingo du enpresagaz, guztira, 7.745.000 euroko kopuruagaz. Lehiaketa publikora aurkeztu gura duten enpresek otsailaren 11ra arteko epea izango dute proposamenak eta proiektuak aurkezteko. Durangoko Udalak "etorkizun eraginkorrago, seguruago eta jasangarriago batera" joateko norabidea hartu gura du. Erabakiagaz, "herritarren eta bisitarien segurtasuna eta ongizatea" areagotuko direla azaldu du udalak. Era berean, proiektuak "herritarren eskari historiko bati" erantzuten diola gaineratu du.