Urteko azken elkarretaratzea egin dute gaur Durangon, Andereak elkarteak deituta. 'Dagoeneko ez daudenen oihua gara' lelopean eta kandelak piztuz, 2024an eraildako eta tratu txarrak jasandako emakume guztiak gogoratu dituzte.
Elkarte feministak eraildako emakume horietako batzuk prostituzio testuinguruetan erailak izan direla salatu eta abolizioa eskatu du. "Ia prostituzio guztiaren jatorria salerosketa da, eta pobreziak eramaten ditu emakumeak infernu horretara. Ezin dugu indarkeria horren aurrean ezikusiarena egin, esklabotza baita, eta desagerrarazi egin behar da ", azpimarratu dute.
Andereak elkartetik gogorarazi dute indarkeria matxistak adierazpen asko hartzen dituela, "gizonei maskulinitateak ematen dizkioten onurez, hau da, mikromatxismoetatik, tratu txar fisiko, psikologiko eta sexu-indarkeriara eta emakumeen hilketetara".
Azkenik, Giséle Pelicot-en kasua gogoratu dute. "Sexu-indarkeriaren gordintasuna agerian geratu da Giséle Pelicot, bere senarrak drogatu eta prostituitu eta dozenaka gizon 'normalek' bortxatu zutenaren kasuan. Lotsak bandoz aldatzea nahi izan zuen, eta epaitegietara aurkeztu zen, duintasun osoz, edozein motatako indarkeria jasaten duten beste emakume batzuen eredu izateko". Ildo horretatik, elkarretaratzean emakume frantziarra omendu dute eta biktima guztiak erasotzaileak salatzera animatu dituzte. "Edozein motatako indarkeria erabiltzen duten gizonak dira indarkeriaren errudun bakarrak", gogorarazi du Andereak elkarteak.