Durangoko Udalak omenaldia egin dio Bernat Vidali, 29 urteko dedikazioaren ondoren Arbaso elkarteko presidente kargua utzi baitu. Aurten Durangoko Azokaren barruan hogeita zortzigarren edizioa egin duen Euskal Denda artisautza azokako sustatzaile bezala oso ezaguna da Vidal.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, Udalbatzako zinegotziekin batera, Vidalen ibilbidea eta "udalerriari egindako ekarpen baliotsua" nabarmendu ditu Udal Osoko Bilkura aretoan egindako ekitaldian. Omenaldian, Elkoroiribek "euskal artisautzaren sustapenarekin duen konpromisoa eta Euskal Dendaren arrakastan duen funtsezko papera" azpimarratu ditu. Udalak plaka oroigarri bat eman dio Vidali "esker on moduan",.
Bernat Vidalen zuzendaritzapean, Euskal Denda bertako eta Euskal Herri osoko artisauen lanaren erakusleiho bihurtu da, eta urtero milaka bisitari erakartzen ditu. "Ekitaldi honek, tokiko ekonomia dinamizatzeko ez ezik, euskal artisauen tradizioak eta egiten jakitea zaintzeko eta ikusarazteko ere balio izan du. Durangoko Udalak biziki eskertzen du Bernat Vidalen dedikazioa eta berretsi egiten du hiribilduaren bizitza aberastuko duten ekimen kultural eta ekonomikoak babesten jarraitzeko konpromisoa", azaldu du udalak prentsa oharrean.