Durangoko Kulturalak bere Gabonetako txapelketaren berri eman du gaur. Durangoko Sukia Cup abenduaren 26an, 27an eta 28an izango da Tabiran, lehen urteko kimu eta benjamin mailetako umeekin. Guztira 28 klub edo ikastetxe bilduko dira, 48 talderekin. Durangaldetik Lauaxeta, Jesuitak, Kurutziaga, Landako, Nevers eta Zabalarra ariko dira, eta baita Kulturala bera ere, kategoria hauetan dituen sei taldeekin.
Kirolaz gainera, eta aurreko urteetan egindakoari jarraituz, jarduerak izaera solidarioa izango du eta esnea biltzeko kanpaina bat egingo dute JAEDentzat. Ildo horretatik, parte hartuko duten klub, famili, erakunde, enpresa, ikastetxe eta durangarrak kausa solidarioan laguntzera deitu deituzte herritarrak gaurko prentsaurrekoan. Iaz 1.432 litro esne batzea lortu zuten. Momentuz, Cafés Baque (100 litro esne), Kaiku (500 litro) eta Dendak Bai (200 litro) batu dira ekimenera.
Txapelketari buruz
Abenduaren 26an 2016ko umeen multzoko fasea jokatuko da eta, abenduaren 27an, 2014ko taldeen txanda izango da. Azken fasea hilaren 28an, zapatuan, jokatuko da, 09:30etik 13:15era. Egun bateko sarrera hiru euro da eta egun bikoa bost euro.
Construcciones Sukia da ekimen honen babesle nagusia eta Durangoko Udalaren eta Durango Kirolaken laguntza ere badu. Prentsa agerraldian, Bigen Bizkarra Kulturaleko presidentea, Iker Txertudi Durangoko Udaleko kirol zinegotzia, Joseba Cedrún Sukiako arduraduna eta Susana Lorenzo JAEDeko kidea izan dira.