GABONAK LANEAN

"Helduak izan arren, haurtzaroko espiritua daramagu barruan"

Ekaitz Herrera 2024ko abe. 20a, 09:30

Isabel Fernandez donostiarrak urte asko daramatza Afede jostailu dendan lanean. Durangoko saltokian hartu du ANBOTO.

Egun gutxi geratzen dira Olentzero eta Mari Domingi etxeetara joateko. Jostailu dendetan estresa bizi duzue?
Urte osoan zehar lan egiten dugu Gabonei begira, sasoi hau izaten delako lan kargarik handienekoa. Egunak ziztuan joaten zaizkigu hemen, Gabonen zurrunbiloan sartuta. Konturatzerako, hara! Gabonak. 

Gabonak, umeak eta jostailuak. Hara hor banaezinak diren hiru elementu.
Gurasoak oso exijenteak dira beren umeekiko, ondo begiratzen diete erosi beharrekoei. Batzuek umeek gura duten hori erosten dute, kito. Beste batzuek, aldiz, jostailu klasikoagoak oparitzeko hautua egiten dute. Zurezko jostailuak eta elektronikoak ez direnak, adibidez.

Aldatu egin dira joerak?
Joera aldaketak nabaritzen ditugu. Gaur egun jostailu sexista eta beliko gutxiago dago, eta erreferentzia kulturalei eta merchandising delakoari loturiko gehiago. Superheroien jostailuak edo Txakur Patruila telesailari loturikoak, esaterako. 

Aurtengo denboraldiari dagokionez, zein da jostailuen artean izarra?
Orain oso boladan daude pegatinak, boligrafoak eta errotuladoreak sortzeko jostailuak. Sormenarekin lotutako jostailuak ere boladan daude, margotzeari eta marrazteari lotutakoak. Eta mahai-jolasei dagokienez ere, beste horrenbeste. Izurritik hona asko handitu da mahai-jolasak erosteko ohitura. 

Internet bidezko salmentak, paketeak, zelan bizi duzue aro hau?
Kritika bat egin nahiko nuke: jendeak gero eta ohitura handiagoa du Interneten erosteko. Horrek kaleak basamortu bihurtzea dakar, komertzio txikia hiltzen baitu apurka-apurka. Guk tratu zuzena dugu bezeroarekin, aholkua eskaintzen diogu eta honako hau ere zero kilometro kontzeptua da.

Zelan igaroko dituzue Gabonak
Gure barnean daramagun ume hori elikatzen. Izan ere, mundu honetan lan egitean umetasun hori kutsatzen zaizu. Haurtzaroko espiritua barruan daramagu denok, eta halako data berezietan kanpora irteten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!