Zelan sortu zenuten taldea?
Xabier Erdoiza: Sorginolako bertsio gau batean elkarregaz jo genuen Bingenek eta biok; Kuraiaren bertsioak prestatu genituen gau horretarako, eta oso gustura geratu ginen. Horrez gainera, hirurok ia adinkideak gara eta nerabe ginenean talde banatan geunden. Gure taldeek elkarregaz jo zuten zenbait kontzertutan, eta elkar ezagutzen genuen. Garai horren ondoren, bakoitza bere aldetik ibili gara.
Bingen Baños: Bai, Sorginolako garai horretan hainbat talde sortu zen, eta hor hainbat ahalegin egin genuen bategaz eta besteagaz. Arregik ere beste talde bat zuen, Txabolakumeak. Berriro jotzen ahalegindu ziren arren ez zuen funtzionatu, eta orain ez dabiltza ezertan.
X. E.: Otsailean Bingeni deitu nion eta lau entsegu egin eta gero, egiten genbiltzanak itxura txukuna zuela ikusita, Arregiri idatzi nion. Sarri komentatzen zidan bera ere gogotsu zebilela taldea sortzeko.
B. B.: Egiten genuenak oinarri sendo bat zuen, itxura ona ere bai, eta, bateria faltan geundenez, Arregiri deitu genion. Hirurok gura genuena, funtsean, elkarregaz jotzea zen, talde berri batean.
X. E.: Sarri pentsatzen dugu Sorginolako garai hartan eztanda moduko bat egon zela, besteak beste hainbat musika talde sortu zelako, eta gaur egun horixe falta zaio Durangori. Guk udal lokaletan entseatzen dugu, baldintza batzuekin, baina ez da erraza entseatzeko lokala topatzea. Hutsune bat dago entseatzeko, eta baita zuzenean jotzeko ere. Inguruko herrietan jotzen dugunean inbidia puntu hori sentitzen dugu.
Otsailean entseatzen hasi eta hiru abestiko lana kaleratu duzue oraintsu. Bizkor.
X. E.: Asko entseatzen gabiltzalako da. Hasieran, 7-8 abestiko lan luze bat kaleratzea zen gure asmoa. Shinovako Erlantz Prietogaz grabatzea erabaki genuen, baina agenda estua du eta udazkenerako geratu ginen. Gainera, kontzertu batzuk irten zaizkigu udazkenerako, eta horrek ere moteldu egin du abesti berriak borobiltzeko prozesua.
B. B.: Talde hasiberri batentzat lan luze bat osorik grabatzeak nahikoa inbertsio dakar, eta, beraz, abesti bakarra grabatzea erabaki genuen, ikusteko ea zelan moldatzen ginen. Bigarren bat grabatzea Erlantzek berak proposatu zigun, eta hori ikusita hirugarren bat grabatzera animatu ginen. Ekoizle lanak ere egin zituen, eta proposamenak ere egin zizkigun. Oso pozik gaude emaitzagaz eta prozesuagaz.
Estilo aldetik, eragin desberdinak igartzen dira. Erabaki duzue zer egin gura duzuen?
X. E.: Entsegu lokalera ideia solteak daramatzagu, eta gero hiruron artean garatzen ditugu. Gainera, gutariko bakoitzak ikutu desberdin bat ematen diola uste dut, musika desberdina entzun dugulako. Horregaitik dira hiru abestiak ere desberdinak.
B. B.: Badu punka, badu rocka eta badu metala ere. Abiadura du; gure musika oldarkorra dela esango nuke.
Gustura zaudete orain arte emandako kontzertuekin?
B. B.: Geroago eta gusturago, egia esateko. Lehenengo kontzertu bietan, luzaroan zuzenean jo barik egon eta gero, nahiko urduri egon ginen, baina ondo.
X. E.: Azkenekoz lagun batzuen tabernan jo genuen, eszenatoki alturik barik, eta jendea gertu edukitzeak eta disfrutatzen dabilela ikusteak asko egiten du.