Hamabost emanaldik osatuko dute San Agustin kulturgunearen denboraldi berria

Aritz Maldonado 2024ko abe. 10a, 11:51

Urtarriletik maiatzera bitarteko programazioa aurkeztu du Durangoko San Agustin kulturguneak. Hamabost emanaldik osatuko dute zikloa, eta ohi bezala, askotariko lanak eskainiko dituzte bertan. Besteak beste, Artedramaren Miñan, edota Alberto San Juanen Macho grita lanak eskainiko dituzte Durangoko kulturgunean. Durangaldeko Gorakada, Hotzikara eta Banarte taldeek ere eskainiko dituzte euren lanak. 

Ixo Teatroaren Eros izango da 2025eko denboraldiko lehenengo emanaldia; Aitor Etxarte aktore durangarrak San Agustinen profesional bezala antzeztuko duen lehen biderra izango da. "Irrikitan nago plaza honetan profesional bezala egingo dudan lehenengo emanaldi honetarako", azaldu du Etxartek. Hotzikara dantza konpainia durangarrak bere bigarren lana izango dena ere San Agustinen estreinatuko du, La puta respetuosa. "Jean Paul Sartrek idatzi eta 1946an Parisen estreinatu zen La putain respectueuse antzezlanaren egokitzapena da hau", azaldu du Inalvis Echevarriak. Gorakada konpainiak Indalecio Bizkarrondo 'Bilintx'-en bizitzari buruzko obra ere nabarmendu dute programazioan. "'Bilintx' 'Bilintx' izatera nola iritsi zen azaldu gura genuen, izan ere, oso istorio interesgarria iruditzen zaigu", azaldu du Alex Diazek. Durangora iritsiko den beste lanetako bat, antzokiak betetzen ari den Miñan da; otsailaren 27an izango da. "Erronka handia izan da horrelako istorioa, liburua, antzerkira egokitzea, baina badirudi espektatibak betetzen ari garela", azaldu du Ander Lipus zuzendariak. "Egi bat begi bistan jartzen du antzezlan honek, pil pilean dagoen gai batekin; polita da, gainera, gazteak antzokietara istoria honen berri izatera hurbiltzea", nabarmendu du Mikel Kaye aktoreak. 

"Durango kulturaren hiriburua izatea nahi dugu, urteko egun guztietan. Gure udalerria txoko bakoitzean kultura bizitzeko, sentitzeko eta gozatzeko lekua izatea nahi dugu, durangarrak zein bisitariak lehen mailako kultur proposamenetar iritsi ahal izan daitezen, une jakin batzuetan ez ezik, etengabe", azaldu du Paule Sanchez zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzako lehendakariak. Bestalde, urteko bazkide kanpaina martxan jarri dutela ere iragarri du. "Urtean, 25 euroko tarifagaz, urtean ikuskizun bitara doan joateko aukera ematen du, eta gainerako ekitaldietan %25eko deskontua". 

EGITARAUA

  • Urtarrilak 12, Eros (Ixo Teatroa), 19:00etan.
  • Urtarrilak 18, Kortxoaren dilema (Tartean teatroa), 19:00etan.  
  • Urtarrilak 26, Atearen bestaldean (Hika Teatroa), 18:00etan.
  • Otsailak 1, Renata (Kamikaz kolektiboa), 19:00etan.
  • Otsailak 8, Cuenta atras (Banarte antzerki taldea), 19:00etan.
  • Otsailak 15, Por voluntad propia (Teatro Perigallo), 19:00etan. 
  • Otsailak 23, Moko, Indalecio Bizkarrondo -Bilintx- (Gorakada Teatroa), 18:00etan. 
  • Otsailak 27, Miñan (Artedrama), 19:00etan. 
  • Martxoak 15, Ache pa ti, (3.Hiruzulo folk jaialdia), 19:00etan.
  • Martxoak 16, Scrooge eta mamuak (Khea ziater), 18:00etan.
  • Martxoak 23, Filtro (Sala verdi & La dramatica errante), 19:00etan.
  • Apirilak 5, Lana (Osa+Mujika danza), 19:00etan.
  • Apirilak 13, Alizia Herrialde Miresgarrian (Iru Teatro negro), 18:00etan.
  • Apirilak 27, Ainara de Gernika (Anabel Bazterrica), 19:00etan. 
  • Maiatzak 3, La puta respetuosa (Hotzikara dantza), 19:00etan.
  • Maiatzak 18, Macho grita (Alberto San Juan y la banda), 19:00etan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!