"Azokan batu garen eskultoreon artean askotariko diziplinak jorratzen ditugu; kolektibotasun hori igartzen da, eta bisitari eta erosleentzako oso interesgarria izango da aretoa bisitatzea", azaldu du Guillermo Olmo Euskahaldunak elkarteko presidenteak. "Liburuak eta diskoak ez ezik, arte desberdinak barnebiltzeko ahalegina egiten du Durangoko Azokak. Azoka osatu egiten du Basarte eskultura azokak, beraz", gehitu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak. Nobedade bezala, Eskuahaldunak elkarteak liburua aurkeztuko du Durangoko Azokan; euren erakusmahaian edukiko dute salgai.
Hirugarren biderrez, saria banatuko dute eskultore elkarteko kideek. Koke Ardaiz nafarra sarituko dute aurten; aurreko edizioetan Vicente Larrea eta Agustin Ibarrola izan ziren omenduak. Zapatuan izango da sari banaketa ekitaldia, 19:00etan.
Egurrezko eskultura
Iazko Basarte Eskultura Azokagaz batera, lau metroko Mikeldiren egurrezko eskultura bat jarri zuten Madalenosten. Datorren urtarrilera arte bertan jarraituko duela azaldu du Olmok, hala ere, aurrerago zer egingo dute ez dute erabaki oraindik ere. "Egun jarrita dagoen espazioa pribatua da, toki berri bat bilatu beharko diogu. Guk Durangon geratu dadin gura dugu".