'Bird', Durangoko Zine Klubaren bigarrena

Anboto 2024ko abe. 3a, 16:20

'Bird' pelikula.

Oraintsu zinema areto komertzialetan estreinatzen ari diren Bird pelikula eskainiko dute Durangoko Zine Klubaren bigarren saioan. Bihar, abenduak 4, izango da emanaldia, 19:00etan, Zugaza zineman. Ostean solasaldia egingo dute Leire San Martinekin.

San Martinek arte garaikidearen eta hezkuntzaren arteko gurutzaketan lan egiten du, testuinguru desberdinetan. Donostiako Tabakalerako Hezkuntza Arloko arduraduna izan da hainbat urtez, 2014 urteaz geroztik. Besteak beste, Pedro G. Romerok zuzendutako Bake Ituna proiektuko hezkuntza programa ere landu du, eta Josebe Iturriozekin batera Feministaldia ere koordinatu izan du. Bird pelikula Andrea Arnoldek zuzendu du, eta Zinemaldian parte hartu du, besteak beste. 

Lehenengo urratsak

Azaroan ekin zion Durangoko Zine Klubak bere ibilbideari, Asier Altunaren Amama pelikulagaz; Altunak berak parte hartu zuen osteko solasaldian. "70 bat lagun batu ginen Zugazan, giro onean; Altunak Bergarako zine kluba dinamizatzen du, eta oso pozik etorri eta joan zela azaldu zigun", azaldu du Ainhoa Olaso ekimeneko sustatzaileak. 

Bost saiok osatuko dute Durangoko Zine Klubaren lehenengo zikloa. Biharkoaz gainera, hurrengoak urtarrilaren 8an, otsailaren 5ean eta martxoaren 5ean izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!