Joan zen domekan Bizkaiko Kros Txapelketa lehiatu zuten Zamudion eta eskualdeko taldeetan dabiltzan korrikalariak bikain aritu ziren.
Durango Kirol Taldeko Izaro Aranburu aulestiarra txapeldun geratu zen nagusietan nahiz 23 urtez azpikoan. Lehenengo hiru itzuliak Bilbao Santutxu taldeko Jone Fuente eta Nerea Iturriagarekin egin zituen. Azken txanpan erasoa jo zuen eta inork ezin izan zuen bere erritmoa jarraitu. Bakarrik helmugaratu zen.
Bidezabaleko gazteek lan bikaina egin zuten. Axpe Aja eta Iker Fidalgo txapeldun geratu ziren gazte mailan eta Maier Miota kadeteetan. Horrez gainera, Bidezabal talderik onena izan zen nesken kadete eta gazte mailan. Naia Cob azpitxapeldun geratu zen juniorretan. Asier Atutxa, Emma Montero eta Ixone Sanchezek brontzezko domina irabazi zuten, nork bere mailan.