Nestor Basterretxearen diseinu eta ilustrazio lanak erakutsiko dituzte Durangoko museoan

Anboto 2024ko aza. 27a, 13:45

Bihar irekiko ditu ateak "Nestor Basterretxea. Diseinatzaile grafiko eta ilustratzailea" erakusketa; otsailaren 2ra arte egongo da ikusgai Durangoko Arte eta Historia museoan. Artista bermeotarraren 50 lanetik gora egongo dira ikusgai; horietako asko lehen aldiz erakutsiko dira. 

2024an 100 urte bete dira Nestor Basterretxea jaio zenetik, eta artista omentzeko jarduera programa oparoa prestatu dute hainbatek. Durangokoaz gainera, Bilboko Arte Ederren museoan eta Gasteizko Montehermoso kulturgunean jarri dituzte erakusketak, arte lantegiak antolatu dituzte Arantzazuko kriptan, edo sorkuntza tailerrak Elgoibarko Makina Erreminta museoan. "Gerediagaren deia jaso nuenean, zerbait desberdina egiteko gogoa piztu zitzaidan, hain ezaguna ez den Basterretxearen irudi bat erakutsi gura nuen. Beheko solairuan ikusgai dauden kartelak ezagunak dira, asko hauek hormetan itsatsita zeudela hazi gara; bigarren solaiuran, ostera, prozesuak hurbilagotik ezagutuko ditugu. Basterretxeak eskuz egiten zuen lan, eta piezara edo lanera iritsi aurreko prozesuak ezagutu ahalko ditugu", azaldu du Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendariak; Arrizabalaga erakusketako komisarioa ere da. Erakusketa lau ataletan banatuta egongo da: diseinu grafikoa, ilustrazioak, marrazkiak eta kartelak. 1940 eta 2012 bitarteko lanak erakutsiko dituzte, 50 inguru, eta ia guztiak Basterretxearen familiarenak dira. Hain zuzen ere, Gerediaga elkarteak utzitako lan bat dago: 2012ko Durangoko Azokako kartel iragarlea. "Aparteko aukera iruditu zaigu Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena bera omentzeko; gainera, estimu handitan zuen Durangoko Azoka. Hori dela eta, bere egunean egindako kartela erakustea polita dela iruditu zaigu. Gainera, Astola aldizkariko azala eta erreportaje mamitsu bat ere eskaini dizkiogu", azpimarratu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Gorka Basterretxea Nestorren semeak Azokagaz zuen harremana nabarmendu du. "Nire aitak harreman zuzena zuen Durangoko Azokagaz, eta disko eta liburu azalak ere egin zituen. Erakusketan, lan nola egiten zuen ikus daiteke eta hori oso interesgarria da".

Irekiera ekitaldia eguenean egingo dute azaroaren 28an, 19:00etan. Bertan, "nazioartean ezaguna den euskal talde baten" emanaldia egongo dela aurreratu du udalak, gehiago aurreratu gabe.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!