DAFAk, Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak, jende ugari batu du mobilizazioan. Kalean, etxeetan, eskoletan, jaietan edota lantokietan gertatzen diren eraso matxisten harira, kexatzea ez dela nahikoa esan dute amaierako hitz hartzean: "Kexatzea ez da nahikoa min egiten duten gauzei buelta emateko. Aldaketak sustatu behar dira, estrategiak pentsatu. Konponbidea ez bazara, arazoa zara", adierazi dute. Alde horretatik, "bakoitzari enuntziatu horrek bere baitan zer pizten dion" hausnartu beharko duela azaldu dut: "Bakoitzak bere barne-foroan arakatu beharko du eta bere jarrerak zalantzan jarri". Era berean, instituzioak deitu dituzte erantzunkizunak hartzera. Hala nola, epaitegiak, gizarte zerbitzuetako bulegoak, polizia-etxean, osasun-zentroak eta hori guztia zuzentzen duten ordezkari politikoak.
Beste herri batzuetan, Zaldibarren besteak beste, EUDELen testua oinarri hartuta irten dute kalera; indarkeria matxista ukatzeko joera hazten dabilela eta, hor esku hartzera deitu dute: "Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde, – bai esparru legalean, politikoan, bai sozialean-, gaur egungo joera neomatxista hazten ari da, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoetan, eremu digitalean, bereziki. Indarkeriak ez duela generorik", "asmakizun ideologikoa" dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla" dioten mezuak jasotzen ari dira gazteak. Ohartarazpen horren aurrean, gune formal eta informaletan esku hartzera deitu dute, besteak beste, hezkuntza arloko programak indartuta eta mezu misoginoak indargabetuta.