"Mirandesen jokalari eta pertsona lez hazten nabilela sentitzen dut"

Joseba Derteano 2024ko aza. 23a, 10:30

Unai Egiluz, Mirandeseko zaleak agurtzen. Mirandes

Unai Egiluz (Durango, 2002) Lauaxeta Ikastolan hasi zen futbolean jokatzen. Haur kategoriako eta kadeteetako urteak Durangoko Kulturalean eman zituen. Gazte mailatik aurrera, Athleticen dabil. Iaz talde nagusiagaz egin zuen denboraldiaurrea eta Errege Kopako partidu batean debutatu zuen. Aurten Mirandes taldean dabil, utzita. Hazten jarraitzea du helburu eta bide onetik doa. Irailean Albaceteren kontra bigarren zatian debutatu zuenetik, hainbat bider titular jokatu du, hala nola Eibar, Cartagena, Tenerife eta Cadizen kontrako partiduetan.

Titular eta geroago eta gehiago jokatuz. Errezetarik onena da konfiantza hartzeko?
Bai. Utzita doan jokalari guztien helburu nagusia horixe da: geroago eta gehiago jokazea, konfiantza hartzea eta ahalik eta gehien ikastea. Egia esanda, geroago eta konfiantza handiagoa dut zelaian. Ez dakit aurrerantzean zer gertatuko den, baina entrenamenduetan ehuneko ehun ematen jarraituko dut, ahalik eta gehien jokatzeko. 

Athleticetik kanpora abentura berri bat hastea zertan da aberasgarria?
Toki batean sei urtean egon ostean handik kanpora zoazenean, mentalki aurrerapauso bat eman behar duzu. Hemen ez dut Lezamako erraztasunik. Norberak atera behar ditu babak eltzetik. Aurreko urteek ez dute balio, hutsetik hasten zara, eta lan eginda besteen konfiantza irabazi behar duzu. Oraingoz asko ikasten nabil eta esperientzia positiboa bizitzen nabil.

Gazte euskaldun dezente dabil taldean. Lagungarria izan zaizu taldera egokitzeko?
Bai, jakina, jokalari ezagunak izateak laguntzen du. Hugo Rincon, Urko Izeta, Jon Gorrotxategi, Alberto Dadie, Ander Martin… dezente gara, bai. Hugo Rincon, esaterako, Athleticek utzita dabil hemen, eta urte askoan ezagutzen dut. Oso hartu-eman ona dugu. Hori izan zen Mirandesera batzeko arrazoi bat. Beste arrazoi bat da jokalari gazteen alde egiten dutela apustu. Futbol profesionalean apustu hori egiten duen talde gutxietariko bat dela esango nuke. 

Sentitzen duzu presiorik Athleticera bueltatzeko merituak irabazi beharragaitik?
Neure eskura dagoenean zentratuta nago. Egunetik egunera jokalari lez hobetzeko lan egiten dut. Jakina, badakit hemen ondo egindako guztia lagungarri izan daitekeela datorren urtean Athleticera bueltatzeko. Baina ez dut horretan gehiegi pentsatzen. Une honetan, Mirandesen dut burua eta taldeari dena eman gura diot.

Zeintzuk dira zure indarguneak eta hobetu beharrekoak erdiko atzelari postuan?
Futbola asko aldatu da eta futbolari bakoitzari gehiago eskatzen zaio orain, edozein postutan. Nire kasuan, indarguneetatik hasita, buruz burukoan intentsoa naizela uste dut. Azkarra naiz eta ondo moldatzen naiz atzeko lerroak aurreratuta jokatzen duenean, espaziora arin joateko ahalmena dudalako. Hobetu beharrekoen artean, alderdi teknikoa aipatuko nuke; baloiagaz egindako irteerak hobetu behar ditut, eta baita aurkarien presioa apurtzeko balio duten aurrerako paseak ere. Lanean gogor nabil eta apurka hobetzen nabilela uste dut.

Zelakoa da bizimodua Miranda Ebron?
Lezaman gosaria eta bazkaria eginda genituen. Orain, neu bakarrik bizi naiz etxean. Erosketak, garbiketa, kozinatu… aldea igartzen da, alajaina! Baina hemen pertsona eta jokalari lez hazten eta heltzen nabilela sentitzen dut. Egunerokoagaz pozik nago. 

Zelan esplikatzen da Mirandes, talde apal bat, sailkapenean bosgarren eta gora begira egotea?
Eguneroko lana da errezeta. Talde langilea eta solidarioa gara eta hori igarri egiten da partiduetan. Eta taldeko giro ona ere nabarmendu gura dut. Hartu-eman itzela dugu denok. Inoz bizi izan dudan aldagelarik onenetarikoa da. 

Bigarren Mailan lehenengo esperientzia duzu. Zelako kategoria da?
Oso maila lehiakorra eta berdindua da. Taldeen artean ez dago diferentzia handirik eta partiduak detaileengaitik erabakitzen dira askotan. Beraz, guztiz zentratuta egotea eskatzen du. Hiru astez erlaxatzen zaren unean… galduta zaude.

Zelan gogoratzen duzu Athleticen Errege Kopan egindako debuta?
Ez nuen horretaz askorik pentsatzeko astirik izan, asteburuan partidua jokatzetik nentorrelako. Gainera, partidua baino ordu bi lehenagora arte ez nuen jakin jokatuko nuen ala ez. Nire bizitzako egunik onenetarikoa izan zen. Pribilegiatu bat sentitzen naiz, Bizkaiko ume askoren ametsa horixe delako, Athleticen lehenengo taldeagaz debutatzea. 

Entrenatzaile ere aritu zara, Abadiño futbol taldean. Zelan sortu zen aukera hori?
Orain urte bi, Abadiñoko kadeteak entrenatu nituen, eta iaz gazteak. Kuadrillako bat harrobiko entrenatzaile zebilen han, eta neu ere animatu nintzen. Klubean galdetu, eta baietz esan zidaten. Asko gozatu nuen eta oso pozik aritu nintzen. Entrenatzaileek hartzen dituzten erabaki batzuk ulertzen laguntzen dizu.  

Baduzu atzelari erreferenterik edo umetako idolorik?
Umea nintzenean Carlos Gurpegi idolo bat zen niretzat; denentzat, esango nuke. Gerora, Dani Vivian denon ispilu bihurtu da. Edonori gustatuko litzaioke bere pausoei jarraitzea.

Mirandesen ibilitakoa Vivian ere.
Horrexegaitik, ba! (barrez)

Eman dizu aholkurik?
Bai, jokalari lez hazteko toki aproposera nindoala esan zidan, erabaki ona hartu nuela. Zorte ona opatu eta behar nuen edozertan lagunduko zidala esan zidan. Oso eskertuta nago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!