Lau urteren ondoren, disko berria kaleratu duzu.
Denbora apur bat behar izan dut. Kanpotik begiratuta, beharbada ez zen igarriko denbora tarte honetan ez garela gelditu ere egin, baina niretzat oso aldaketa handia egon da. Buelta eman behar izan diot proiektuari, hasieran ikaskideekin egitekoa eta garatzekoa zelako. Musikenen ikaslea nintzen, baina pandemiagaz eten egin zen, kontaktua galdu genuen, ezin genuen proiektua bera gauzatu, eta hausnartu eta erabakia hartu behar izan nuen: proiektua amaitutzat eman edo beste musikari batzuekin aurrera egin. Nire dolua igaro eta gero, berriro hasi nintzen idazten eta konposatzen, eta batez ere Fran eta Mikel proiektuan sartu zirenean berreskuratu nuen ilusio hori.
Bigarren diskoa garrantzitsua izaten da musikarien ibilbidean. Igarri duzu presiorik?
Disko honegaz mila buelta eman dizkiet gauzei. Nire kasuan, gainera, lehenengoa grabatu nuenean ez neukan argi publikatuko nuen ala ez. Estudiora joateko aukera irten zelako grabatu genuen, emaitzaren arabera erabakitzeko asmoz. Lehenengo lan haregaz oso presio gutxi izan nuen, oso aske sentitu nintzen, eta aurrekaririk barik heldu naiz honetara. Baina bigarren disko hau grabatzerakoan buelta asko eman dizkiet gauza guztiei, eta esango nuke igarri dudala presioa, neurri handi batean nik neuk eragindakoa neure buruari. Azken urte bietan asko jo dugu, Getxoko Jazzaldian eta Lugoko jazz jaialdian, adibidez, eta jazz plaza garrantzitsuak direlako edo, komunikabide askok berreskuratu dute Begin, eta, nolabait esateko, horrek interes bat piztu du nire izenean, eta behin estudiora sartuta banekien ezin nuela txurro bat grabatu (barrez).
Jazz klasikoari ikutu garaikideagoak ere eman dizkiozu.
Lotura du aurreko lanagaz, baina jazz klasikoak pisu gutxiago du lan honetan; estandar klasiko bi baino ez daude. Nire konposizioek pisu gehiago hartu dute; oraingoan lau dira nireak. Nire konposizioak ez dira hain klasikoak; swing klasikoaren lengoaian nago erosoen, baina nik konposatzen dudanean garaikideagoak dira. badut jazz klasikotik, jakina, baina gaur egungo konposizioek ere pizten didate interesa, eta horrek zuzenean eragiten dit konposatzerakoan. Hortaz, disko honetan badago klasikoentzako esparru bat, baina modernoagoa, garaikideagoa eta pertsonalagoa dela esango nuke. Nire letrak daude, nire melodiak ere bai, eta horrek pisu handia du.
Zuretik gehiago du lan honek, beraz. Urte hauetan hainbat proiektutan aritzeak lagundu egin dizu horretan?
Proiektu horiek aurrera egiten dutela ikustea konfiantza hartzeko modu bat ere bada. Adibidez, Bas letrak-eta egiten aritu naiz eta horrek konfiantza ematen dizu, zure bakarkako proiektuetan aritzeaz gainera beste musikari batzuekin lan egin dezakezula ikusteak. Uste dut testuinguruak ere eragin duela, lehenengo diskoagaz inguru akademiko batean nengoen, eta oso inspiratuta, egunero musikariz eta musikaz inguratua nengoelako, baina, aldi berean, lotuago nengoen momentu horretan ikasten genbiltzan lengoaia musikalera. Honegaz, ostera, bizitza oso deseberdina da kontserbatoriotik kanpora, eta mila kontu gehiago dut buruan; gauza batzuk irabazi ditut eta beste batzuk galdu. Abestiak pertsonalagoak dira orain, intimistagoak, eta neuri buruz berba gehiago egiten dut oraingoan. Eta zintzoa ere bada. Azken finean, lehenengo lana gehiago irten zen dibertimendutik. Era profesional batean grabatzeko aukera nuen, eta egin egin nuen. Konposizio propio bi sartu nituen, baina ez nuen ardurarik sentitu artista legez. Izan zezakeen oihartzun bat, edo ez. Orain, ostera, nigan bilakaera bat egon dela ikusten dut, abeslari eta konposatzaile modura. Nire bidea eraikitzen joan naiz, eta hau beste puntu bat da bide horretan.
Aurrekoagaz legez, Oiartzungo Mecca estudioetan grabatu eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeagaz kaleratu duzu.
Ez da ez nagoela pozik eurekin, ezta gutxiago ere, baina esan beharra dago Gaztelupeko Hotsak Euskal Herriko jazz zigilu bakarra dela (barrez). Beraz, aukera bi daude: edo autoekoitzi edo eurekin atera. Baina, egia esan, oso pozik nago. Zigilu txiki bat da eta Ubanek eta Xarrak euren maitasun guztiagaz kudeatzen dute. Ni kontziente naiz musika minoritario bat egiten dudala; nire musika generoan ez dut inoiz Santiago Bernabeu beteko, baina eskertzen dut familia moduko bat izatea nire alboan, nire taldean dauden musikari, manager edo zigilu edo estudiokoak. Hartu-eman gertukoa izatea garrantzitsua da niretzat, hurbilekoak sentitzea. Mecca, adibidez, punta-puntako estudioa da, Euskal Herriko onenetarikoa, eta Igorregaz eta Mikelegaz dudan hartu-emana oso gertukoa da. Hirugarrenez grabatu dut han, eta tratua oso profesionala da beti, eta oso gertukoa da aldi berean.