"Nire ikasle izandakoak irakasle bihurtzea bizitzako poztasunik handienetariko bat da"

Jone Guenetxea 2024ko aza. 21a, 16:00

Pedro Miguel Etxenike zientzialaria Jone Guenetxea kazetariaren galderei erantzuten. EHU

Argia, umoretsua eta jakituria handikoa. Horrelakoa da Pedro Miguel Etxenike (Izaba, Nafarroa, 1950) bertatik bertara. Izabako zientzialariaren El secreto de la naturaleza dokumentala proiektatu zuten joan zen barikuan Durangoko San Agustin Kultur Gunean, protagonista bera ekitaldian zela. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta K2000k ekoitziriko ikus-entzunezkoan, Etxenikeren gogoetak eta bere bizitzako hainbat pasarte jasotzen dira. Dokumentalaren ondorengo solasaldian, zientzialariak Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendariak egindako galderei erantzun zien.

Bereziki eskertzen dizugu Durangora egindako bisita, urrunetik zatoz eta. Japoniatik bueltatu berri zara. Zelako bidaia izan da?
Oso bidaia polita izan da. Japonia bisitatzen dudan seigarren aldia izan da eta Japoniak bere balioei eusten die: bere garbitasunari, ordenari... Atzo (azaroak 13) trena hartu genuen Kyoton, eta minutu bat atzeratu zelako barkamena eskatu ziguten. Garbitasuna ere nabarmena da, teknologiagaz lagunduta. Oso gustura egon gara. Hala ere, beti esaten dudan legez, "herrialde guztietan daude toki onak, baina bihotzak dio zoaz Euskal Herrira".

Zerk eraman zaitu Japoniara?
John Pendryk, orain 51 urte nire doktoretza tesiaren arduraduna izan zenak, oso sari garrantzitsua jaso zuen Kyoton, eta gonbidatu egin ninduen. Iruditu zitzaidan omenaldi horretan egon behar nuela, bidaia luzea izan arren. Leialtasunagaitik joan nintzen. Asko estimatzen dudan balioa da, japoniarrek badutena eta euskaldunok izaten jarraitzea espero dudana.

Cambridgeko Unibertsitatean ikasi zenuen, eta dokumentalean azaltzen duzu zeinen sarrera proba bitxia egin zizuten gaztetan. Zelakoa zen unibertsitate bizitza hura?
Agian sasoi hura apur bat idealizatuta izan dezaket. Cambridgen ikaslea izan nintzen, eta katedraduna ere bai gero, Eusko Jaurlaritzatik pasatu eta gero. Bizitza zoragarria zen. Hainbeste aukera zegoen...! Dena zen librea. Klaseak libreak ziren doktoretzetan. Beka on bat eman zidaten eta gai mordoa aukeratu ahal izan nuen. Geroago ez dut horien inguruan lan egin, baina oinarri bat eman didate. Kirola ere asko gustatzen zitzaidan, eta lagunak, Collegetako jendea... Oso zoriontsua izan nintzen han.

Dokumentalean diozu ikaslearen interesa eta pasioa piztea dela irakaslearen lana. Ikasle lez izan duzun ibilbidean, zein irakasle eta pertsonek markatu zaituzte?
Pertsona asko dira eta kostatu egiten da zerrenda bat egitea inor kanpoan utzi barik. Herrian, nire ama, andereñoa izanda, asko tematu zen memoriaren lanketan. Hezkuntza prozesuetan, orain baztertu egin da memoria, oso modu injustuan. Adibidez, Errege Godoen zerrenda ikasteak ez du ezertarako ere balio. Baina sormena gauza desberdinak lotzea da eta buruan zenbat eta gauza gehiago izan, hobeto. Nik beti landu dut asko memoria. Ama oso adoretsua zen, nekazarien alaba. Era berean, Lekarozeko ikastetxean oso irakasle onak izan nituen, bai zientzietan eta baita letretan ere. Unibertsitatean ere irakasle ezin hobeak izan ditut. Cambridgen, adibidez, Philip Anderson oso pertsona argia zen. Hiru urtean klase berera joan nintzen, bere kontzeptuen sakontasunagaitik. Jende asko miresten dut, eta, gainera, asko zor diet. Oso eskertuta nago.

Irakasle legez, dokumentalean diozu zure ikasle izandakoak miresten dituzula. Zu zeu ikasle hobea izan zara irakaslea baino, ala alderantziz?
Ikasle hobea irakaslea baino. Ez dut uste irakasle txarra izan naizenik ere, baina hori ikasleek esan beharko lukete. Baina izan ditudan ikasleak orain irakasle bihurtu dira eta hori nire bizitzako poztasunik handienetariko bat da. Baita instituzioen sorrera eta eskola baten sorrera ere. Horretarako, errezetarik onena jende ona aukeratzea eta haiei lan egiten uztea da.

Inteligentzia artifiziala indartsu sartu da zientziaren munduan. Zein bidetatik eraman gaitzake?
Ez naiz aditua, baina aldaketa sakona etorriko da inteligentzia artifizialak gauzak ezagutzeko modu asko eman ahal badizkigu, giza inteligentziarentzat eskuragarri ez daudenak, hain zuzen ere. Giza inteligentzia ez dago prest dena ulertzeko. Hain zuzen ere, zientzia fede batean oina­rritzen da, uler dezakegula sinestean alegia, baina beharbada ezin dugu guztia ulertu. Kualitatiboki diferenteak diren ulertzeko moduak eskaintzen badizkigu, inteligentzia artifiziala garrantzitsua izango da.

Aspaldian zientziaren oinarriak zalantzan jartzen ari dira. Mota honetako mugimenduek arduratu egiten zaituzte?
Asko arduratzen naute. COVID sasoian, zientzia gizateriaren esperantza izan zen, eta funtzionatu egin zuen. Zenbat milioi pertsona hil ziren XIII-XIV. mendeetan pesteengaitik! Jarrera horien aurrean egin dezakegun bakarra da gizartean jakintzarenganako errespetua eta kultura zientifikoa sustatzea. Gizarte bat zientifikoki kultua bada, demokraziarako berme gehiago izango ditu. Alde horretatik, gai honek sakonean eragiten dit.

Politikagintzan lau urteko ibilbidea egin zenuen. Garaikoetxearen sasoian, sailburua izan zinen lau urtez. Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren sorreran parte hartu zenuen.
Oso errespetatuak sentitzen ginen. Ilusio handia zegoen eta dena zegoen egiteko. Honek zailtasun asko eragiten du, baina abantailak ere bai. Estruktura bat sortzea eta sistemak funtzionatzea izan zen gure ardurarik handiena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!