Bueltan da Gabonetako erakusleihoak dekoratzeko lehiaketa

Anboto 2024ko aza. 21a, 12:28

Durangoko Udalak eta Dendak Bai merkatarien elkarteakk Gabonetako erakusleihoen lehiaketa ipini dute martxan. Dendariek gaurtik abenduaren 4ra arte aurkeztu ditzakete lehiaketan parte hartzeko eskaerak. Dekorazioak abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra arte izan beharko dituzte establezimenduetan ikusgai.

Lehiaketak lau sari izango ditu: lehenengo saria (1.500 euro), bigarren saria (1.000 euro), hirugarrena (500 euro) eta herritarren botoekin erabakiko dena (300 euro). Establezimendu irabazleak epaimahai espezializatu batek hautatuko ditu;  hiru irizpide nagusitan oinarrituta baloratuko dituzte erakusleihoak: dekorazioaren kalitate estetikoa (50 puntu); originaltasuna, asmamena eta sormena (25 puntu), eta erakusleihoak Durangoko historiarekin eta sinboloekin lotzea (25 puntu).

Merkatariek gaurtik, azaroak 21, abenduaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak Durangoko Udalaren egoitza elektronikoan. Salbuespenez, bitarteko elektronikorik ez duten pertsonek aurrez aurre aurkeztu ahal izango dute eskabidea HAZen. Parte hartzeko bereizgarri gisa, Udalak egurrezko izar bana emango dio establezimendu bakoitzari. Ikurrak erakusleihoan ipinita egon beharko du lehiaketak iraun bitartean.

Egitasmo honen bidez, Durangoko Udalak eta Dendak Baik tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatu gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!