Andereak elkarteak prostituzioaren abolizioa aldarrikatuko du Azaroaren 25ean

Anboto 2024ko aza. 19a, 11:26

Prostituzioaren abolizioaz hausnartzeko saio bat San Agustinen.

Elkartearen iritziz, prostituzioak "proxeneten eta bezeroen ekintza bateratuak eta esklabotza mota horren normalizazio sozialak larriagotutako indarkeria mota ugari" batzen ditu.

Andereak elkarteak prostituzioa abolitzea eskatzeko eta kontsumitzaileak seinalatzeko kanpaina egingo du asteburuan. Barikuan eta zapatuan pankartak ipiniko dituzte Durangoko auzoetan, "emakume gorputzen kontsumitzaileak gutxiesteko mezuekin". Ez zaitez konplize izan. Prostituzioaren abolizioa lako mezuak ipiniko dituztela aurreratu dute. Ekintzagaz, Andereakek "bandoz aldatzea" gura ditu "lotsa eta estigma", eta "putazaleen gain" utzi. Bestalde, domekan, hilaren 24an, lazo moreak ipiniko dituzte Andra Mariko zubian. Ekintza hori 12:30ean izango da. Iragarri dutenez, "lazo bakoitzak aurten eraildako emakume baten izena eramango du", eta beren izenak ozen oihukatuko dituzte. Ekitaldiaren amaieran, EHFAK Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak  egun horretarako prestatu duen komunikatua irakurriko dute. 

Azkenik, hilaren 25ean, Durangoko elkarteek urtero antolatzen duten manifestazioan parte hartuko du elkarteak, "indarkeria matxista salatzeko eta emakume izate hutsagatik jasaten dugun ankerkeria honi amaiera emateko neurri eraginkorrak eskatuz". Protestarekin bat egiteko deia egiten diete durangarrei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!