Durangoko merkatu plaza berriak kultur ikuskizunetarako anfiteatroa eta ostalaritza lokala izango ditu ekoizleen guneez gainera

Anboto 2022ko aza. 3a, 13:07

Proiektua idazteko, udalak diru partida bat gorde du datorren urteko aurrekontuetan.

Baserritarren merkaturako gunea, kultur ikuskizunetarako anfiteatroa, ostalaritza lokala, ikastaroak egiteko aretoa, aisialdirako gune librea eta umeentzako jolasgunea. Durangoko Merkatu Plazak elementu horiek guztiak izango ditu etorkizunean. Halantxik jakinarazi du udalak, ohar bidez, gaur. Aurreproiektua prest daukate eta dagoeneko aurkezpen lanak ere egin dituzte merkatu plazan inplikaturiko eragileen aurrean. Hurrengo pausoa proiektua idaztea izango da. Eta, hain zuzen ere, hori egiteko gobernu taldeak 265.000 euroko diru partida gorde du datozen urteko aurrekontuetan. Datozen asteetan, proposamenak jasotzeko epe bat zabalduko dute. Iritziak eta ekarpenak jasoko dituzte, gero merkatuan inplikaturiko eragileekin kontrastatzeko. Behin hori eginda, udalak proiektua idatzi eta lehiaketa publikora aterako du. Oraingoz, merkatu plaza berritzeko obrek ez dute data zehatzik, baina udalak "datozen hileetan" aterako du obra lizitaziora.

Udal agintarien berbetan, gaur egungo merkatu plaza "zaharkituta" dago eta beharrezkoa du eraldaketa bat "garai eta beharrizan berrietara egokitzeko". Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak adierazi dutenez, udalak "norabide berri bat" eman gura dio merkatu plazari. Alde horretatik, beharrezkotzat jo dute "instalazioen modernizazioa".

Efizientzia energetikoari begira

Bestalde, udalak esku artean duen aurreproiektuak energiaren erabilerari buruzko gorabeherak ere jasotzen ditu. Udalak jakinarazi duenez, "merkatuaren eraikinak, orientazioagaitik eta azaleragaitik, potentzial berriztagarri handia du estalkian". Teilatua 1.600 metro karratu zabal da, eta azalera hori "eguzki plakak instalatzeko aprobetxatu daitekeela" iradoki du udalak. Alde horretatik, "iraunkortasunaren eta autosufizientzia energetikoaren aldeko apustu garrantzitsua" egin dura dute. Horrez gainera, eraikina birmoldatzeko lanak "karbono arrastorik txikienagaz" egitea aurreikusi dute, "berotegi efektuko gasen isuriak ahal den neurrian" murriztuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!