Euskara praktikoa dio AEKren goiburuetariko batek, eta Durangoko Abarrak euskaltegian behintzat halakoxeak izaten dira klaseak: praktiko-praktikoak. C1 mailako ikasleak testuak eta ahozkotasuna lantzen topatu ditugu Miren Bihotza Erzilla irakaslearen gidaritzapean, zer eta ANBOTOren ale batzuk esku artean! Izan ere, halantxik aitortu dute AEKko ikasleek: tarteka-tarteka ANBOTOko artikuluak baliatzen dituzte euskara lantzeko tresna modura. "Batzuetan iritzi artikuluak irakurtzen ditugu lehenengo, eta ahozkotasuna lantze aldera gure iritzia partekatzen dugu gero", azaldu du Alex Diez ikasleak. "Hizkuntza aldetik, guretzat egokia da ANBOTO. Iritzi artikuluak lantzen ditugu gehienbat, gero aurrez aurre egin beharreko aurkezpenetan gure iritzia garatzeko", gaineratu du Erzilla irakasleak.
Ikasleek estimu handitan duten beste ezaugarri bat astekariak eskaintzen duen gertutasuna da. "ANBOTOri eskerrak gure eskualdeko albisteen berri izaten dugu. Artikuluak batuan idatzita daude, baina mendebaldeko euskarari loturiko aldaerak ere badaude testuetan zehar, eta hori aberasgarria da. Gainera, beste egunkari orokorretan ez da gure herrietako albisterik sarri agertzen. Baina ANBOTO astero-astero kaleratzen denez, gure eskualdean gertatzen dabilenaren berri izaten dugu, Durangon, Elorrion zein Otxandion. Eskertzekoa da", azaldu du Jose Luis Quesada ikasleak. ANBOTOk AEKko ikasleei eman, eta AEKko ikasleek ANBOTOri eman. Ba ote dago hori baino euskara praktikoagorik?
Kurutziagan ere bai
Ume eta gazteen artean euskarazko hedabideen lana ezagutarazteko eta irakurzaletasuna bultzatzeko ekimena martxan dute Kurutziaga Ikastolako Euskara Taldean. Gaztetxo Taldeko LH6. mailako kideek ANBOTOko aleak banatzen dituzte LHko eta DBHko geletan. Hedabide honentzat transmisioa lantzea eta sinergiak sortzea dira proiektu honen punturik garrantzitsuenak. Bejondeizuela, gazteok!