Zelan gogoratzen dituzue lehenengo pausoak?
Rakel Odiaga: Hasierako pausoetan soldadu lana egin nuela dut gogoan, erretagoardiako lana. Gehiago gogoratzen naiz martxan ipini osteko elkarlanaz, gero ANBOTOren eta Berbaroren artean sortu eta garatu zen hartu-emanaz. Oroitzapenak hortik datoz, batez ere. ANBOTOk Durangoko Santa Anan zeukan bulegoa orduan, eta Berbarokoak Pinondon geunden. Sasoi hartan, nik hartu-eman handia nuen bulegokoekin: Itziarregaz eta Idurregaz. Berbarotarrak aldizkaria ere hantxe maketatzen zen, eta hara joaten ginen, Asier maketatzailearengana. Bulego hartaz ondo gogoratzen naiz, eta zer esanik ez hango kazetariez; familia bat ziren eta gu ere horren parte ginen. Gertutasun fisiko horrek beste arlo batzuetara ere eramaten gintuen. Sasoi batean, gabonetako bazkariak ere elkarregaz egin genituen, Plateruenean. Batez ere ibilbide bat dut gogoan. Gure bulegoaren ondoko bulego modura gogoratzen dut ANBOTOkoa. Esan dudan moduan, guretzat ohikoa zen Santa Ana zeharkatu eta haien bulegora joatea, eta horregaitik ezagutzen genuen hango dena, eta eurek gurea, jakina. ANBOTO Iurretara joan zenetik, telefonoz mantentzen dugu hartu-eman hori (barrez). Pentsa, buruz dakidan telefono bakarretarikoa da ANBOTOkoa! Konfiantzazko hartu-emana izaten jarraitzen du. Hari hori ez da eten.
Imajinatzen zenuten 1.000. alera helduko zela?
R. O.: Nik neuk bai. Argi izan behar dugu euskarazko aldizkari bakarra izaten jarraitzen duela gaur egun. Tristea da 2003tik euskara hutsean egunkari edo aldizkari bakarra egotea. Baina bai, imajinatzen nuen. Beste 23 urtez ere imajinatzen dut.
Zelan ikusten duzue Berbarok ANBOTOren moduko erreminta bat eskura izatea?
R. O.: Nik neuk beharrezko ikusten dut, eta Berbaroren jardunerako babes bat dela ere esango nuke; ezinbestekoa dela.
Pello Zabarte: Beharrezkoa, eta zentzu batean baino gehiagotan, gainera. Euskara sustatzeaz gainera, ez da bakarrik eskualdeko gertakarien eta pertsonen berri euskaraz ematen duen astekari bat. Beste hizkuntzetan ez dago ANBOTOren moduko astekaririk, milaka etxetara heltzen dena barikuro-barikuro, paperean, eta sakontasun maila horretan. ANBOTOk, gainera, euskaraz eta euskaratik egiten du. Herrietako elkarteentzat ere oso paper garrantzitsua jokatzen du.
Aurrera begira, zelako elkarlana egongo dela uste duzue?
P. Z.: Nik beti ezagutu izan dut ANBOTO, ia jaio nintzenetik izan dudalako presente. Berbarotik ere oso hartu-eman ona igarri dut, hurbilekoa. Eta aliatu lez ulertzen dut, jakina; bai Berbaroren ekimenei zabalkundea ematen laguntzen duelako, baita hainbat espazio konpartitzen dugulako ere: Euskaraldia, Euskara Kontseilua, Korrika... Alde horretatik, hartu-eman naturala dago, eta aurrerantzean ere horrela irudikatzen dut. Komunikabideen jardunaz gainera, ANBOTOk herrigintzan eta euskalgintzan parte hartzen du, eta horri bere balioa eman behar zaio.
R. O.: Hartu-emana oso naturala da eta etorkizunean ez dut etenik ikusten, ezpada bien jarduera bertan behera geratzen dela. Horrela jarraituko duela esan nuke; ez dut planteatzen bestelako egoerarik. GUKA sortu zenean, Berbaro eta ANBOTO egon ziren, adibidez.
P. Z.: Euskalgintzak hainbat erronka izan du betidanik, eta gizartea aldatzen doan neurrian berriak ere sortu zaizkio. Izan daiteke beste herrialdeetatik jende gehiago etortzea, edo digitalizazioak eragindako aldaketak izatea. Askotariko eragileen lana beharrezkoa izango da testuinguru horretan euskara indartzeko.