Plateruena Musika Aterpeak 2025ean irekiko ditu ateak

Aritz Maldonado 2024ko aza. 13a, 09:59

Durangoko Udalak milioi bat euro inguruko inbertsioa egingo du azpiegiturak egokitzeko eta ekipamendua berritzeko, horrela, Plateruena Musika Aterpea Durangoko, Bizkaiko eta Euskadiko "erreferente musikala" izatea gura du udalak, "talentu gazteen garapen profesionala sustatzeko eta Durangoko eta Bizkaiko industria musikala indartzeko". Lanak 2025ean hasiko dituzte, eta 2025eko bigarren sehilekoan irekitzea da udalaren asmoa. 

Gaur goizean prentsaurrekoa eskaini dute Durangoko Udaleko ordezkariek Plateruena Musika Aterpea izango dena aurkezteko. Horrela, Plateruena musika "sorkuntza, prestakuntza eta erakustaldi zentro" bilakatzeko helburua du udalak. "Plateruena kultur gune bat baino askoz gehiago izango da; topagune inklusibo bat izango da, non pertsona guztiek gozatu eta ikasi ahal izango duten, euskal kultura eta tokiko talentua goratuz", azaldu du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak. Urtean, 100 jarduera baino gehiago eta 400 prestakuntza ordu baino gehiago eskainiko direla aurreratu du, baita ere; programazioari dagokionez, tokiko eta nazioarteko taldeek parte hartuko duten jaialdiak antolatuko direla aurreratu du, eta horrez gainera, programazioan "ikuspegi inklusiboa" islatuko duela aurreratu dute. "Taldeen %50ek gutxienez euskaraz abestuko dute, artisten %33 35 urtetik beherakoak izango dira eta emakumeen ordezkaritza ere gutxienez %33ra iritsiko da". Azkenik, ikerketa eta garapen artistikorako beka artistiko bat ezarriko da, bi urtean behin.

Paule Sanchez zinegotziak, ostera, Plateruena "ideien faktoria" bat izatea gura dutela nabarmendu du. "Plateruena Durangoren isla izatea gura dugu, hau da, herritarrekin batera pentsatutako eta sortutako espazio bat. Durangoko eta inguruko garapen sozial, kultural eta ekonomikoan oinarritutako helburu estrategikoak lortzea da. Bere dimentsio sozialean, proiektuaren helburua da kide izatearen eta kohesioaren sentimendua sustatuko duen musika-berrikuntzarako espazio bat sortzea, euskararen erabilera sustatuz eta belaunaldien arteko ezagutza transferentzia sustatuz".

Plateruena eraberritzeko hainbat "esku hartze tekniko" aurreikusten ditu Durangoko Udalak, besteak beste, agertokia berrituko da, eta tabernako barra berri bat eraikiko da, zoladura eta argiztapen berrituekin; lehen solairuan espazioak berrantolatuko dira, eta kudeaketa bulegoak edo prestakuntza gelak egingo dira; sotoan, berriz, kamerinoak berrantolatuko dira. horrez gainera, "azken belaunaldiko" audio eta argiztapen ekipamendua izango du guneak. Bide batez, Landako Guneko sotoetako entsegu lokaletan hobekuntzak egitea aurreikusten dutela azaldu dute udal ordezkariek.

EH Bilduren erantzuna

Durangoko EH Bilduren ustetan, "lehentasunezkoa da Plateruena berriro irekitzea, Durangok eta kulturak behar dutelako". "Urte eta erdi darama Plateruenak itxita eta esan dezakegu Durangon kulturak birika bakarrarekin arnasten duela ordutik", azaldu dute ohar baten bidez. Horrez gainera, kudeaketa pribatua izatea salatu du. "Uste dugu proiektu anbiziotsua dela, baina kudeaketa enpresa pribatu baten esku uztea arriskutsua izan daitekeela, eta euskararen eta herriko elkarteen paper protagonista bermatu beharko lukeela Udalak".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!