Durangoko Udalak mugarri esanguratsua ipini du, gaur, herriaren kanpoaldeko errepide-eraztuna amaituta. Hegoaldeko saihesbidea eguerdi honetatik aurrera egongo da erabilgarri, eta ibilgailuek, era zuzenean joan ahalko dute Tabira aldetik Abadiñoko mugara (Alcampo supermerkatuaren aurreko biribilgunera), herriaren erdigunea zeharkatzeko beharrik barik. Udalak egindako kalkuluen arabera, 9.000 bat ibilgailuk erabiliko dute bidea lanegunetan, eta 13.000 batek Eguzkitzako industrialdea garaturikoan. Azpiegitura berriak, industrialdea garatzen lagunduko duela aurreratu du udalak, hain zuzen ere. Saihesbideak 6,75 milioi euroko aurrekontua izan du.
"Denbora luzez lanean ibili ondoren, azpiegitura errealitate bihurtu dugu. Bide honek gure herriko mugikortasuna hobetu, trafiko pilaketak murriztu, eta autoen isuriak eta kutsadura jaitsiko ditu", azaldu du Mireia Elkoroiribe alkateak. Horrez gainera, ibilgailu astunen joan-etorriak mugatzeko galibo kontrol bi instalatu dituztela zehaztu du.
Hamalau urteko lana
Herriaren kanpoaldeko errepide-eraztuna zarratzeko lanak 2010ean hasi zituzten, Urki kalean. Lehen fase hori 2012an amaitu zuten, milioi bat euro pasatxoko inbertsioagaz. Bigarren fasea 2014an hasi zen, 1,4 milioi euroko inbertsioagaz; hirugarrena, 2018an; laugarrena eta azkena, 2023ko maiatzean. Elkoroiribe alkateak urte hauetan guztietan lan egin duten gobernu talde guztiak zoriondu ditu egindako ekarpenengatik.