Euskara hutsezko ekintza kopurua gutxitu egin da Durangoko jaietan

Ekaitz Herrera 2024ko aza. 9a, 13:30

Jaietako ekitaldien hizkuntza, Jai Batzordearen eta txosnen programazioa, biena, aintzat hartuta.

Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak San Fausto jaietan programatu dituzten ekitaldien hizkuntza aztertu du Berbarok. Elkarteak ondorioztatu duenez, ele bitan eskaini diren ekintzek gora egin dute, euskara hutsezko proposamenen kaltetan. (Txosten osoa Berbaroren web atarian dago eskuragarri)

2022ko datuekin alderatuta, "euskara hutsezko eskaintzak behera egin du, ele bitan egin den eskaintzaren mesedetan. Gaztelaniazko eskaintzak %1 egin du gora, eta euskarazkoa %10 jaitsi da". Berbaro elkarteak ondorio nagusi hori atera du joan berri diren jaietako ekitaldiak neurtu eta gero. Gainera, euskara hutsezko ekitaldien beherakada jaiak antolatzeaz arduratzen diren organo nagusi bien programazioan igarri dute, bai Jai Batzordearen eskaintzan eta baita Txosna Batzordearenean ere. Elkarteak jaietako ehun ekintza behatu ditu, programatu diren ekintza guztien %78, eta datu hauek zehaztu: "Ehun ekintzotatik 43 izan dira euskaraz, 33 ele bitan eta 24 erdaraz". Musikari dagokionez, euskarazko ekitaldiak izan dira nagusi, emanaldien %42 euskara hutsean izan dira eta. Umeentzako ekintzei dagokienez, euskarazko eta erdarazko eskaintza parekoa izan da: ekitaldien %48  euskaraz izan da, eta %43 erdaraz. Antzerki ikuskizunen alorrean, ostera, euskara koska bat beherago dago. Hamar obratatik sei erdaraz izan dira, eta lau euskaraz. Neurketako daturik okerrena barrakek utzi dute beste behin ere. Ipini duten musikan ez da ezer ere entzun euskaraz. %100 izan da erdara, eta datu hori ez da aldatu Berbarok egindako neurketetan. 

Euskara elkarteak Durangoko jaietako ekitaldiak neurtzen dituen hirugarren aldia da. Azterketa 2019an egin zuten lehenengoz, eta orain urte bi egin zuten bigarrena, 2022an. Urte hartan euskararen gorakada "nabarmena" izan zela ondorioztatu zuen Berbarok. Euskara elkarteak beharrezkoa deritzo San Fausto jaietan programatzen diren ekintzen hizkuntzari erreparatzea, "aurrera begira zer hobetu behar den" zehazteko. Era berean, jaien antolaketan parte hartzen duten eragileekin elkarlanean aritzeko prest agertu da.

HIZKUNTZA BILAKAERA JAIETAN 2019 - 2024 (Berbaroren azterlana)

Jai Batzordeko ekitaldiak. Bilakaera orokorra

Gaztelania hutsean eskainitako egitasmoek behera egin dute, baina baita euskara hutsean antolaturikoek ere. Jai Batzordeak antolaturiko ekintzetan elebitasunak gora egin du.

Txosna Batzordeko ekitaldiak

Eskaintza elebiduna nabarmen igo da txosnetan, musikan eta musikari loturiko kalejiretan bereziki. Eta horrek euskara hutsezko ekintzak gutxitu ditu. Edozelan ere, txosnek sanfaustoak euskalduntzeko egiten duten "ekarpen erraldoia" aipatu du Berbarok.

 

Umeentzat antolaturiko ekintzak (orokorrean, Jai Batzordeko eta Txosna Batzordeko programazioan)

Datuek zapore gazi-gozoa utzi dute. 2019ko joera atzean utzi da Berbaroren esanetan, eta 2022koa mantendu. Dena dela, umeek ekintzetan erdara oso presente dutela azpimarratu du elkarteak. Garrantzitsua deritzo alor hau lantzeari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!