DRTk Movember mugimenduko galtzerdiak atera ditu aurten

Anboto 2024ko aza. 8a, 09:21

DRTko gizonen taldea ligako partidu batean. PEDRO MORENO

Durango Rugby Taldeak bat egin du aurten ere Movember-egaz, gizartea prostata eta barrabiletako minbiziaren arriskuez kontzientziatzea helburu duen mugimenduagaz.

Movember-en logoa duen produkturen bat kaleratzen dute urtero, eta baturiko diru guztia izen bereko fundaziora bidaltzen dute. Aurten galtzerdiak atera dituzte, iazko moduan. DRTren tabernan eta Saltsan dendan eskuratu daitezke, 10 eurotan. Horrez gainera, Andra Maria inguruan postu bat ipiniko dute datozen hiru zapatuetan: azaroaren 9an, 16an eta 23an. Iazko kanpainako salmentagaz 1.295 euro lortu zituzten.

Kanpaina jai bategaz amaituko dute. Azaroko azken astebururako askotariko ekintzak antolatu dituzte: pintxopotea, photocall-a, zozketak, musika emanaldiak… 

Bibotea uzteko deia
Durango Rugby Taldeak Movember mugimenduagaz bat egitera animatu ditu herritarrak. "Zelan? Bibotea utzita, argazkiak aterata eta sare sozialetan denekin partekatuta", adierazi dute, ekimenari ikusgaitasuna emateak duen garrantzia azpimarratuta. Horrez gainera, mugimenduko kide egitera deitu dute, www.movember.com web orrian izena emanda. Iaz 83 milioi euro lortu ziren mundu osoan zehar egindako ekarpenei eskerrak. Diru hori ikerketarako eta sentsibilizazio kanpainetarako erabiltzen dute, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!