"Grezia alternatiboa iruditu zait, asko harritu nau"

Anboto 2024ko aza. 10a, 10:30

Urtarrilean, Ane Arbulu (Durango, 2000) Greziara joan zen, Alacanteko Unibertsitateko Erasmus-Aitana bekagaz. Uztailera bitartean Atenasen egon zen, bizitzen eta lanean. 

Zein arlotan lan egin duzu?
Merkataritza Ganbera Hispano-greziarra oso txikia da, eta, beraz, ekonomiagaz loturiko gaiez haratago hainbat arlotan aritu naiz. Konferentzietara joateko aukera izan nuen, adibidez. Espainiara zabaltzeko asmoa izan zezaketen enpresekin —edo alderantziz— lan egiten genuen. Eta ganberako bazkideen kontuak ere eraman ditut. Espainiako enbaxadagaz ere lan handia egin dugu, ekitaldiak antolatzen.

Zelako esperientzia izan da?
Beste kultura bat ezagutzeko aukera izan dut, oso desberdina. Gainera, nire lanak bestela hurbilduko ez nintzen eremuan aritzeko aukera eman dit. Maila handiko enpresariak eta politikariak ezagutu ditut; batez ere, Espainiakoak eta Greziakoak, baina beste herrialde batzuetakoak ere bai.

Zergaitik Grezia?
Herrialdeak erakarri egiten ninduen, baina eskaini didaten lanagaitik joan naiz batez ere. Interes handia nuen Ganberan lan egiteko; horregaz lotuta jarraitu gura ditut ikasketak.

Oso desberdinak dira Grezia eta Euskal Herria?
Ez nuen pentsatzen, baina, bai. Atenas gauza bat da, eta beste gauza bat herrialdea bere osotasunean. Gizartea apur bat atzeratuago dagoela iruditu zait, bizitako krisi ekonomikotik ez direla guztiz berreskuratu. Eta erlijioak pisu handia du. Bizi dituzten gatazkak ez dira guregana heltzen. Adibidez, ikasleek hainbat protesta egin zuten eta unibertsitateak itxita egon ziren hainbat hilabetean. Grezia aipatzean irlak datozkigu gogora, baina irlek ez dute zerikusirik Atenasegaz, adibidez. Atenas apur bat iluna iruditu zait.

Zerk harritu zaitu gehien?
Sentsazio desberdinak sortarazi dizkit. Bizitza handia dago kalean, eta oso alternatiboa iruditu zait. Horrek asko harritu nau eta horixe gustatu zait gehien. Bestalde, irlak eta penintsulako iparraldea oso desberdinak dira. Iparraldea oso menditsua da. Herrialdea oso anitza da.

Zelan moldatu zara greziarrekin?
Oso ondo! Beti daude laguntzeko prest, eta eskuzabalak dira.

Greziaz berba egitean errefuxiatuen kanpamenduak datozkigu gogora. 
Bai. Errefuxiatu asko dago eta egoera gogorra bizi dute.

Greziako leku bat?
Zakintos irla. Irla mordoa dago eta famatuenak oso esplotatuta daude turismo aldetik. Ezezagunenak gustatu zaizkit gehien.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!