Durangoko musika-eskolako teilatua berritzeko lanak, martxan

Anboto 2024ko aza. 6a, 09:38

Lanek zortzi hilabeteko epea izango dute, aurreikuspenen arabera. Durangoko Udalak ikastetxeko erabiltzaileen eta lantaldeko kideen pazientzia eskertu gura du, prozesuak eragin ditzakeen eragozpenengatik. 

Durangoko Udalak Bartolome Ertzilla musika eskolako teilatua berritzeko lanak hasi ditu. Iparragirre Eraikuntzak enpresak izango du lanok egiteko ardura, zortzi hilabeteko epeagaz. Aurreikusitako esku hartzeen artean, teilatuko egurrezko egitura goitik behera berritzea, sabaia aldatzea eta LED teknologiadun argiztapen sistema ipintzea daude. Horiekin guztiekin, udalak amaiera emango did musika eskolako hainbat gelatan azken urteotan izandako itoginei eta hezetasun arazoei; bide batez, jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa bultzatuko dute obrekin. “Proiektu honek, eraikinaren segurtasuna eta funtzionaltasuna indartzeaz gainera, jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa bultzatzen ditu, gure udal-politika elektrikoekin bat etorriz", adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak. Durangoko Udalak eskolako ikasleen eta lantaldearen pazientzia eskertu du prozesuak eragin ditzakeen eragozpenak direla-eta. Obrek iraun bitartean, musika eskolak Saibi kaleko eraikinean eskainiko du zerbitzua, orain arte Udal Euskaltegia egon den eraikinean bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!