2018an egin zen lehen Euskaraldia, 2020an hurrena eta 2022an azkena. Laugarrena, berritasunegaz dator. Hain zuzen ere, horiek azalduko dituzte biharko batzarrean. Horrez gainera, prozesuari zelan ekin hausnartuko dute. Batzarra 20:30ean amaituko dela aurreratu dute deitzaileek.
Aktibazioa helburu
Urrian aurkeztu zuten Euskaraldiaren laugarren edizioa izango dena, eta ekimenaren baitan euskaltzale aktiboen mugimendu bat sortzea gura dute antolatzaileek. "Euskal Herri osoan, euskararen erabilera pizteko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika indartu gura dugu. Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiaraziko ditugu", azaldu zuten aurkezpenean. Horretarako, besteak beste, tresna berri baten berri ere eman zuten: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Hainbat gako ematen dira bertan "mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko". Beste berritasunetako bat, ekimena udaberrian egitea izango da.
Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarria aurreko edizioetakoa izango da. Hamaika egunez, parte hartzaileek ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatu beharko dute, eta txapa jantzita egingo dute ariketa. Herri eta entitateek izena eman dezakete www.euskaraldia.eus webgunean; herritarrek, ostera, martxotik aurrera eman ahalko dute izena.