Durangoko EH Bilduk jakinarazi duenez, Etxebiden 1.412 pertsona daude izena emanda udalerrian etxebizitza bat alokairuan hartzeko asmoz. Euskal Etxebizitza Behatokiak lau hilabetean behin argitaratzen dituen datuok, eta eskatzaileen kopurua %25 igo da azken urtean. Era berean, Durangon 1.405 etxebizitza hutsik daudela gogoratu du koalizioak. "Etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko neurriak behar dira Durangon. Alokairu eskaintza publikoa eta eskuragarria handitzea da lehentasuna. Durangon ia ezinezkoa da alokairuan etxe bat aurkitzea, eta dauden apurrek prezio oso altua daukate. Etxebizitzaren merkatuan esku hartu behar da", iritzi dio EH Bilduk.
Koalizio subiranistak azaldu duenez, Durangoko udal gobernuak etxebizitzaren gaia lantzeko taldea osatuko duela iragarri du. EH Bilduk "bere borondatea" agertu du lan talde horretan "proposamenak egin eta Durangoko alokairu eskaintza handituko duten neurriak hartzeko". Koalizioak "lehentasunezkotzat" jo du gaiari heltzea.