Zerbitzu jakin batzuk emateko kostuen handitzeak eta Europar Batasunak hondakinak biltzeko zerbitzuan zero defizitari buruz ezarritako eskakizunak baldintzatutako ordenantza fiskalak onartu dituzte gaur Durangon, Mireia Elkoroiribe alkatearen kalitatezko botoarekin. Josune Escota alkateordeak azaldu duenez, "justiziazko neurriak" aplikatu dira prezio publikoetan, eta gizarte erronka nagusiekin lerrokatutako funtsezko arloetan hobariak batu dituzte.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIZ) eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) izoztuta geratu dira. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako balioen ponentzia berriaren eraginez, etxebizitzetarako eta industriarako Ondasun Higiezinen Zerga igo egingo da. Etxebizitzan 0,235etik 0,265ra igoko da tarifa, eta, etxebizitza handituan, 0,29tik 0,328ra. Industrian, bestalde, 0,92tik 0,994ra aldatuko da tarifa; eta, industria handituan 1,80tik 1,944ra.
Gainerako erabileren tarifa 0,715tik 0,50ra pasako da. Merkataritzaren kasuan, ez da aldaketarik egongo, "tokiko komertzioaren sustapena bultzatzeko".
Zaborraren tasa Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen arabera egokituko dela adierazi du gobernu taldeak, ekonomia zirkular baterako bidean. Hartara, Europak agindu bela tasak zerbitzuaren kostu guztiak estali ditzan %30eko igoera proposatu da. Horri lotuta, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatan (LGS) oinarritutako hobariak aplikatuko dira, "baliabide gutxien dituzten pertsonak babesteko", azaldu dutenez.
Bestelako berrikuntzak
Taxi-lizentzien transmisio-tasa 9.025,31 eurotik 1.400,00 eurora jaitsi da, tasa hori beste udalerri batzuekin parekatzeko eta Durangon zerbitzu hori handitzea ahalbidetuko duten lizentzia berriak sustatzeko. Era berean, filmaketa zinematografiko, publizitario eta antzekoetarako tasa berri bat sortu dute, helburu horietarako espazio publikoa erabiltzeko eskaerak ugaritu egin baitira.
Alderdi Popularrak aurkeztutako familia ugariei mesede egiten dieten bi emendakin batu ditu udal gobernuak landutako proposamenean. Batetik, hobaria %50etik %90era igoko zaie, eta, bestetik, etxebizitzaren oinarrizko tasa eta tasa berezia %5 murriztuko zaien.
Alkatearen kalitatezko botoa
EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak alkatearen kalitatezko botoa behar izan dute datorren urteko ordenantza fiskalak aurrera ateratzeko. Herriaren Eskubideak eta EH Bilduk aurka bozkatu dute, eta Alderdi Popularra abstenitu egin da. PSE-EEk nabarmendu du, "gogoko ez den igoera" adostu dutela, "beharrezkoa zerbitzu publikoan modu egokian mantendu ahal izateko".
Herriaren Eskubideak salatu du EAJk eta PSE-EEk banku eta supermerkatu handien zergak familiei "helaraziko" dizkiela. Diotenez, "bankuei, merkataritza gune handiei eta batzokiari ondare higiezinen zerga (OHZ) %85 murriztuko zaie, eta horrek 150.00 euroko zuloa eragingo du udalaren diru-kutxetan". Murrizketa horrek durangarrengan eragingo duela gaineratu dute. Bestalde, zaborraren tasa %30 igotzea batzen duela kritikatu du.
EH Bilduk, bestalde, balioen txostenaren eguneratzeak OHZn eragindako "orekarik ezak" salatu ditu, eta hori ekiditzeko "lan nahikoa ez egitea" egotzi dio gobernu taldeari. Gaineratu dutenez, "bankuek ordaindu beharrekoa substantzialki jaitsi da. Eta, nabarmendu behar da Durangoko komertzioen %60 baino gehiago alokatutako lokaletan daudela. Beraz, ordenantza fiskal hauekin lokal horien errentatzaileak dira babestuko direnak, eta ez dendariak. Familiak izango dira ordaintzen jarraituko dutenak". Zaborragaz lotutako tasari dagokionez argitu dute, tasa hori sortutako zaborraren arabera ordaindu behar dela ere badiola Europak. EH Bilduk OHZn "ahal den neurrian igoera progresioa" egitea proposatu du.
EAJk dio "hipogresismoa" sustatzen dela
EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak "hipogresismoa" sustatzen dutela salatu du Durangoko EAJk udalbatzarra amaituta helerazitako oharrean. Akordiorik ez lortu izanak "talde horien proposamenen hipogresismo sakona uzten du agerian", jeltzaleen berbetan. "Aurrerakoitasun mozorro faltsu baten pean, klase ertainari eta tokiko merkataritzari gogor eragingo liokeena” nabarmendu dutenez.
EAJk azaldu duenez, EH Bilduk OHZn % 34ko igoera proposatu du, 140.000 eta 195.000 euro arteko katastroko etxebizitzak dituzten 1.133 familientzat. “Neurri horrek, bidezko kargak ezarri beharrean, neurriz kanpo kargatuko lituzke etxebizitza normalak dituzten familiak, objektiboak ez diren irizpideen bidez, haien diru-sarrerak eta ahalmen ekonomikoa kontuan hartu gabe, herritarren artean segurtasun fiskal falta larria sortuz”. Bestalde, gaineratu dute, EH Bilduk proposatu bezala, 135.000 eta 140.000 euro arteko balio katastralak dituzten zortzi saltokiei OHZ %125 igotzeak, "are gehiago itoko lituzke tokiko negozio txikiak garai zailetan”. Jeltzaleek Herriaren Eskubideari egotzi diote, "hobari ezberdinetatik haratago, inolako alternatiba fiskalik" eskaini ez izana.
Jeltzaleek azpimarratu dute OHZ "neurrian egokitu" behar izan dutela, "familia durangarrak beste alderdien neurrigabeko eta bidegabeko proposamenetatik babestuz eta erantzukizunez, guztion arteko kargen oreka bilatuz”.